
Zumarragako Udalak 2025eko ZumarragarEKIN laguntza programa aurkeztu du. Diru-laguntza hauen helburua tokiko ekonomia dinamizatzea eta enplegua sustatzea da, Zumarraga ekintzailetzarako eta inbertsiorako lurralde lehiakor eta erakargarri gisa finkatuz. Laguntzak Rosa Maiza zinegotziak aurkeztu ditu.
Aurtengoa bederatzigarren edizioa da. Udalak 500.000 euro baino gehiago bideratu ditu dagoeneko programa horretara. Aurtengo aurrekontua 80.000 eurokoa da. Sei laguntza emangodira.
• ZuEKIN Berritu: I+G+Bko ekintzak garatzera bideratuak, udalerriko enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzeko. 10.000 euroko aurrekontua.
• ZuEKIN Sortuz: Tokiko ekonomia berritzen eta dibertsifikatzen laguntzen duten sektoreetan ekintzailetzaren bidez enplegua sortzera bideratuak. 5.000 euroko aurrekontua.
• ZuEKIN Hazi: Merkataritza establezimenduak eta lehen sektorea modernizatzeko inbertsioak laguntzen dituzte. Merkatuaren behar berriei erantzuteko aukera ematen dute. 10.000 euroko aurrekontua.
• ZuEKIN Merkatari: Merkataritza sektorean eta lehen sektorean ekintzailetza bultzatzeko diseinatuak, enpresa berrien sorrera, belaunaldi erreleboa edo saltoki berrien irekiera bultzatuz. 3.000 euroko aurrekontua.
• ZuEKIN Berpiztu: Lokal hutsak dinamizatuz, sarbidea erraztuz eta negozio aukera berriak bultzatuz, merkataritza sektorea biziberritzera bideratuak. 1.500 euroko aurrekontua.
• ZuEKIN Eskolara: Tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzera, gastua udalerrian mantentzera eta familiei eskolako materiala erosteko garaian laguntzera bideratuta daude, erosketa bonuen bidez. Aurrekontua 50.000 eurokoa da.