
Marta Andre urretxuarrak siringomielia izeneko gaitz degeneratiboa du eta dagoeneko ezin du bere gurpildun aulkia erabili. Gurpildun aulkia erabili eta autonomoa izaten jarraitzeko, buruarekin erabiltzen den aginte berezi bat behar du eta 8.468 euro balio du. 1.552 euroko diru-laguntza eman diote, baina beste 6.916 behar ditu. Hori dela eta, bere lagunek diru bilketa jarri dute abian. Lagundu nahi dutenek, Kutxabankeko ES33 2095 509200 9125200725 kontuan eman dezakete dirua. Jarri beharreko kontzeptua Ayuda técnica ortoprotésica da. Apirilaren 1etik aurrera laguntzak Bizum bidez ere eman hala izango dira, 629 540 914 zenbakian. Hor ere Ayuda técnica ortoprotésica kontzeptua jarri behar da.
Martak 55 urte ditu. Eitzan jaio zen eta 14 urterekin Urretxura joan zen bizitzera. Egun, Ategorrietako Villa Sacramento erresidentzian bizi da. 10 urte baino gehiago daramatza bertan.
Bere zaletasunetako bat margotzea da. Ahoarekin margotzen du, baina horretarako ere geroz eta zailtasun gehiago ditu. Jateko ere arazoak ditu eta egun zunda bidez elikatzen dute. Urretxu eta Zumarragako lagunak astero joaten dira bera bisitatzera.
Duela 20 bat urte diagnostikatu zioten siringomielia. “Ezkerreko hanka herrenka hasi zen, medikuarengana joan nintzen eta gaixotasun degeneratibo bat nuela esan zidaten. Gurpildun aulkia behar dut eta jateko zunda jarri didate. Kolpe bat gehiago. Baina oraingoz, egoitzan ni moldatzen naiz. Egoitzatik kanpo, lagunek laguntzen didate”.
Bere zaletasunetako bat margotzea da. Garai batean, Zumarragako arte ederretako eskolara joaten zen, Dorleta Ugarteburu eta Laura Zendoia irakasleekin, eta bertan hasi zen pintzela ahoarekin maneiatzen. “Ezin nintzen zutik jarri eta eskuarekin margotzea kosta egiten zitzaidan. Egun batean ahoarekin margotzea erabaki nuen eta erosoagoa zitzaidala konturatu nintzen. Pintzela ahoan nuela, hitz egiteko eta abesteko gai nintzen. Irakasleek eta ikaskideek aluzinatu egiten zuten”.
Geroz eta gutxiago margotzen du, ordea. “Erizain batek margolan bat eskatu dit, baina ez dut margotzeko gogo handirik. Izan ere, geroz eta gehiago kostatzen zait. Eskuak okertuta jaio nintzen eta geroz eta okerrago ditut. Hori dela eta, ahoarekin margotzen hasi nintzen. Baina margotzeak zehaztasun handia eskatzen du eta, geroz eta gehiago kostatzen zaidanez, haserretu egiten naiz”.
Dena den, ez du etsi. “Denetara moldatzen naiz eta ondo daramadala esango nuke. Lehen nola bizi nintzen, dantza egiten nuela, pentsatzen hasten banaiz… Egun, ohean gosaltzen dut. Ondoren, jantzi egiten naute eta garabiaren laguntzarekin gurpildun aulkian esertzen naute. Goizean ariketa kognitiboak egiten ditut. Gurpildun aulkian eserita bazkaltzen dut. Bisitarik ez badut, arratsaldea ohean pasatzen dut. Esan bezala, egoera berrietara egokitzen saiatzen naiz. Egoera berriek ez naute asko eragiten. Ez dut etorkizunean pentsatzen. Eutanasiari buruz informatu naiz eta aurki medikuarekin hitz egingo dut eta idatzita utziko dut”.
Bere bizipoz nagusietako bat kuadrilla da. “Sekulakoak dira. Bisitan etortzen dira, bazkari bat antolatzen badute bazkalostean kafea hartzera eramaten naute… eta orain gurpildun aulkia gidatzeko behar dudan tresna erosteko diru bilketa hasi dute”.
Kuadrillakoek asko maite dute. “Oso positiboa, alaia eta bihotz onekoa da”, esan dute.