
Urretxu eta Zumarragako Bi-Tartean merkatari elkarteak 3, 2, 1… Udaberria! Berritu, loratu eta aurrera! kanpaina antolatu du udaberriari ongi etorria emateko. Gaur azoka egingo dute Zumarragako plazan. Bihartik (astelehena) aurrera 50 euroko erosketa 40 euroan egiteko bonuak salduko dituzte.
Azokan bi herriotako 11 dendek beste horrenbeste postu jarri dituzte. Berritasun gisa, Bi-Tartean espazioa sortu dute. Bertan hurbileko eskaintzaren ahotsa entzuteko aukera egon da. Herriko zenbait merkatarik, eskaintzen dituzten zerbitzuen eta esperientzien berri eman dute eta ideiak eta aholkuak eskaini dituzte. Kalean ibiltzeko eguraldi ona lagun, jende asko hurbildu da azokara.
Bihartik aurrera ere udaberriaren ailegaera ospatuko dute Urretxu eta Zumarragako merkatariek. Horretarako, udaberriko produktuak eskaintzeaz gain, Kaixo Udaberria bonuak salgai jarriko dituzte. Bonu horiek eskuratzen dituztenek (40 euro balio dute), denboraldi berriko produktuen erosketetan 40 euro ordainduko dute 50 euroko erosketengatik. Bonu kanpaina bihar hasiko da eta apirilaren 17an amaitu.
Bonuak Bi-Tartean merkatari elkartearen bulegoan salduko dituzte, bihartik aurrera, agortu arte: astelehen, asteazken, ostegun eta ostiralean 09:00etatik 17:00etara eta asteartetan 09:00etatik 19:00etara. DNI bakoitzeko bonu bat salduko dute eta pertsona bakoitzak lau DNI aurkeztu ahal izango ditu gehienez.