
Txiki-Txoko azaroaren 15ean ireki zen, Gure-Txoko jubilatuen egoitzako 4. solairuan, 0-3 urteko haurrentzat eta beraien gurasoentzat. Ordutik, astebururo ireki da (ostiral arratsaldetik igande arratsaldera).
Mikel Serrano Zumarragako alkateak positiboki baloratu du 0-3 urte bitarteko haurrei eta familiei eskaini zaien zerbitzua. Izan ere, azaroan zabaldu zenetik 2.376 erabiltzaile igaro dira bertatik.
Zerbitzua Urretxu-Zumarragako Lepaka guraso elkarteak eskatu zuen. Bertako kide diren Leire Lambarri eta Ainhoa Aguadok egin dute lau hilabete hauen balorazioa. “Oso eskertuak gaude zerbitzua martxan jarri izanagatik eta udalarekin izandako elkarlanarengatik. Aurrera begira, zerbitzua eta espazioa handitzea eta egonkortzea nahiko genuke”.
Zumarragako Udaletik hainbat datu gehitu dira. Zaintza zerbitzua ordaintzea eta lokala hornitzea ia 16.000 euro kosta da. Gaur-gaurkoz, 73 familia daude Txiki-Txokon izena emanda: 39 zumarragarrak, 32 urretxuarrak eta Gabiria eta Legazpiko familia bana. Udalak familia horiei egindako galdetegian jasotako erantzunak bat datoz Lepakak egindako irakurketarekin: gurasoak eskertuta daude zerbitzuarekin, baina zerbitzua handitzea (espazio handiagoan ahal bada) eta egonkortzea eskatzen dute.
Alkateak udaberrian ere zerbitzuak jarraituko duela aurreratu du eta gurasoen eskaerei entzunez, zerbitzua indartzeko asmoa adierazi du.