
Oier Ibarluzeak pilotari urretxuarrak Goñiren omenezko txapelketako final laurdenetako partida jokatuko du bihar (asteazkena), Joanes Zestau adunarraren aurka, lau t’erdiaren barruan. Hirugarren partaidetza du eta orain arteko esperientziak ez dira onak izan. “Jokatu nuen lehen aldian ia gazteena nintzen eta orain ia zaharrena banaiz eta ea txapelketa polita egiterik dugun”, azaldu du urretxuarrak.
Golpe biziko aurrelaria da urretxuarra, bereziki buruz buruko lehiatan ederki moldatzen dena. Master Kaiola, Bergara Hiria, Amezketa eta GRABNIan txapelketak irabazi ditu, besteak beste. “Momentu batzuetan ondo etortzen da etxeko jendea alboan izatea, baina beste batzuetan presio puntu bat ere jartzen du eta espero aurten ondo irtetea”, gaineratu du etxean aritzeaz galdetuta.
Helburuei dagokionez, “denon helburua da txapela irabaztea, baina pausoz pauso joango gara lehen partidatik eta ea”, esan du. Orain arte gainditzerik izan ez duen final laurdenetako kanporaketan Joanes Zestau adunarra izango du parean Ibarluzeak. Behar Zanako pilotariak eskuin oso bizia du eta 2024a urte borobila izan zuen, Najera, Elizondo, Papelera Zikuñaga, Gartzaron eta Egiako txapelak jantzita.
Partidaren erritmoa ezartzen asmatzen duenak, bidearen zati handi bat izango du egina.
Binakako partidari dagokionez, Unai Amiano eta Oier Elorz, Iker Egiguren eta Endika Santestebanen aurka arituko dira. Hasiera batean Julen Sotil zen etortzekoa, baina asteburuan min hartu du eta ez du Zumarragan egoterik izango.
Jaialdia, astero bezala, 18:30ean hasiko da Beloki Pilota Eskolako umeen partidarekin. Aste honetan Adei Martinez-Amets Lasa eta Markel Pelaez-Aner Ormazabal izango dira lehen aldiz galtza zuriak jantziko dituztenak.