
Urretxuko Udalak asfaltatze lanak egingo ditu datorren astean herriko hainbat kaletan. Lanak Asfaltos Urretxu enpresari esleitu zaizkio eta inbertsioa 46.445,61 eurokoa izango da. Lehen fasean, datorren astelehenean, Iparragirre kalea asfaltatuko dute: Barrenkale, Matxinporta eta Iparragirre kaleen bidegurutzetik, San Martin de Tourseko parrokiaraino. Hori dela eta, asteleheneko 08:00etatik aurrera ezingo dira erabili Iparragirre kaleko aparkalekuak. Iparragirre plazako ibilgailuek garajetik irteteko aukera izango dute, baina ezingo dira garajera itzuli bertako lanak amaitu arte. Ibilgailuak Gurutze auzoan, Elizalden edo Matxinportan uztea gomendatu dute.
Bigarren fasean, datorren asteartean eta asteazkenean, probalekuaren eta Ederrena pilotalekuaren ondoko aparkalekuak asfaltatuko dituzte. Hori dela eta, astearteko 08:00etatik aurrera, ezingo dira aparkaleku horiek erabili lanak amaitu arte. Ibilgailuak San Martin auzoan, Barrenkalen, Matxinportan eta inguruko beste aparkalekuetan uztea gomendatu dute.