
Oier Ibarluzea pilotari urretxuarrak Goñiren omenezko txapelketako partida jokatu zuen atzo Zumarragako Beloki pilotalekuan. Joanes Zestau adunarraren aurka jokatu zuen, lau t’erdiaren barruan. Urretxuarra Joanes Zestau adunarraren aurka jokatu zuen, lau t’erdian. 22 eta 14 nagusitu zitzaion.
Etxean jokatzearen presioak eraginda edo, Ibarluzeak nahikoa loturik jokatu zuen, baina hortzak estututa, aurrera egitea lortu zuen, ingurukoen gozamenerako. Markagailuak bestelakorik iradoki dezakeen arren, batez ere lehen erdian, partida oso lehiatua eta orekatua izan zen. Bi pilotariak jokoari erritmo bizia ezartzen saiatu ziren, batez ere ezkerrez pilotari abiadura handia sartuz. Seinako berdinketatik aurrera, ordea, urretxuarrak markagailuan aurrea hartu zuen, batez ere aurkariak baino gehiago sufritzen jakin izan zuelako. Zestauk ale oso ederrak utzi zituen, esaterako 12-9an zaleen zurrumurruak sortu zituen jotako eskuin boleakada ikusgarria, baina askotan piloteoan nagusi izan arren, akatsak ere behar baino askoz gehiago bildu zituen. Arerioari eskuina bilatzen tematu zen eta horrek pilota dezente galtzera eraman zuen.
Sakea izan zen Ibarluzeari garaipenerako bidea asko erraztu zion beste jokaldia. Lehen pilotakadarekin zazpi tanto egin zizkion adunarrari. Gainera, Behar Zanako aurrelariak beste hiru tanto oparitu zizkion saketik falta eginda, hirurak nahiko jarraian gainera. Partida hasi zenetik, txokotik zabalera ateratzen hasi zen Zestau, baina tanto bakarra egin zuen sakez eta etxetik landuta ekarritako estrategiak ez zion askorik eman.
Lehia erdian egindako hiru falta horiekin partidatik irten zen adunarra eta, buelta ematen saiatu zen arren, Ibarluzeak ondo eutsi zion lortutako abantailari eta hurrengo asteko Harkaitz Murua eta Egurrolaren arteko lehiaren zain da, finalerdietan arerio nor izango duen ikusteko. Apirilaren 9an jokatuko du finalerdikoa.