Lankidetzazko robotika industriala bultzatzeko aliantza estrategikoa da

Urretxuko Smartlog Group enpresak, intralogistikako soluzioetan nazioarteko erreferentea, beste pauso bat eman du hazkunderako duen estrategian: Aurrelan, lankidetzazko robotikan eta lerro bukaerako soluzio aurreratuetan espezializatutako enpresa, taldean sartu da. Aliantza estrategiko hori mugarri garrantzitsua da bi enpresentzat, merkatuan duten posizioa indartu eta lan ildo berriak garatuko baitituzte intralogistikaren sektorean. Lankidetzazko robotika industrialaren etorkizunerako ere garrantzitsua da.
Smartlog eta Aurrelan elkartzeak automatizazio integraleko ekosistema sortzea dakar, industrian sistema adimentsu eta moldagarrien eskaera gero eta handiagoa asetzeko soluzio aurreratuak eskainiko dituena. Aurrelanen lankidetzazko robotikako teknologiak, garraio adimenduneko sistemak eta paletizazio soluzioak integratzeak nabarmen handitzen dute Smartlog Groupeko portafolioa. “Lotura hori ez da soilik negozio hedapen bat, 5.0 Logistikaren gainean dugun etorkizuneko ikuspegia adierazten du. Aurrelan gure enpresan sartzeak berrikuntzarako dugun gaitasuna indartzen du. Gure ingurunean, non teknologiaren bilakaera gero eta azkarragoa den, guretzat giltzarria da intralogistika eraginkor, erresiliente, iraunkor eta oso teknologiko baterantz joatea eta gure teknologia gama zabaltzea. Orain lankidetzazko robotika industrialarekin egingo duguna, alegia. Soluzio aitzindariak eskaintzen jarraitzen dugu, gure bezeroen beharrei proaktiboki erantzunda”, adierazi du Xabier Zubizarretak, Smartlog Groupeko CEOak.
Era berean, sinergia horri esker Smartlog Groupek bere presentzia zabaldu ahal izango du merkatu eta sektore industrial berrietan, bi konpainien onena uztartzen duten soluzio integral eta multiteknologikoen katalogoa eskainiz. Gainera, berrikuntzarako duen gaitasuna eta merkatu globalean duen lehiakortasuna indartuko ditu.
Aurrelan enpresak Aretxabaletan du egoitza eta 35 urteko esperientzia du. Integrazio hau aukera paregabea da bere hazkundea, nazioarteko hedapena eta teknologia berrien garapena bultzatzeko. “Smartlog Groupekin bat egiteak ahalbidetzen digu gure teknologia maila globalera eramatea eta soluzio disruptiboak sortzea Smartlog presente dagoen jarduera sektoreetarako. Baita pertsonen eta roboten arteko elkarrekintza dagoen ingurune industrialagoetan ere”, adierazi du Ibai Galindezek, Aurrelaneko CEOak.
Smartlog Group eta Aurrelan osagarriak izatea funtsezkoa da aliantza honen arrakastarako. Smartlogek soluzio intralogistiko integraletan duen esperientzia eta nazioartean duen presentzia sendoa jartzen du, eta Aurrelanek, berriz, lankidetzazko robotikan, prozesu industrialen automatizazioan eta lerro amaierako soluzioetan duen esperientziarekin laguntzen du.
Gaitasunen konbinazio horri esker automatizazio industrialeko beharren espektro osoari erantzuna ematen dioten soluzio pertsonalizatuak eskaini ahal izango zaizkio merkatuari. Biltegiratze adimenduna, esaterako. Baita bukaerako paketatzea eta paletizatzea ere, ikasi egiten duten eta ingurune aldakorretara egokitzen diren sistema robotikoekin, prozesu osoaren tokiko zein urrutiko monitorizazioarekin koordinatuta.