Iñaki Beruete eta Aitor Carrascok kontzertua antolatu dute 'A tres bandas' podcast-aren bosgarren urteurrena ospatzeko
Kaskezur eta Nabasi taldeek joko dute, gaztetxean

Iñaki Beruete eta Aitor Carrasco musikazale sutsuak dira. Hainbat taldetan jo dute elkarrekin. Musika jotzearekin nahikoa ez eta musikari buruzko podcast bat martxan jarri zuten pandemia garaian: A tres bandas. Bertan, beste musikari batzuei eta musika arloko gainontzeko profesionalei elkarrizketak egiten dizkiete. Pandemiak bost urte bete ditu eta podcast-ak ere bai. Urteurrena ospatzeko, kontzertua antolatu dute. Bihar (larunbata) izango da, 19:30ean, gaztetxean. Kaskezur eta Nabasi taldeek joko dute.
Nabasi taldea gipuzkoarra da eta Kaskezur nafarra. Baztangoa, hain zuzen ere. Bi taldeek antzeko musika egiten dute: 1990eko hamarkadako rock alternatiboa. «Nabasikoekin beraien lokalean egon ginen, Zarautzen, eta beraien musika asko gustatu zitzaigun. Lagunak egin ginen, gainera. Kaskezur hainbat aldiz ikusi dugu eta asko gustatzen zaigu. Bi taldeek diskoa atera zuten iaz, gainera», azaldu dute.
Podcast-aren helburuetako bat horrelako taldeak ezagutzera ematea da. Oso gustura daude bost urte hauetan egindako lanarekin. «Bost urte hauek ospatu nahi ditugu. Urteurrenetan programa bereziak egin ditugu, baina oraingoan, urteurren borobila izanda, ekitaldi bat egitea erabaki dugu. Gainera, kamiseta batzuk egin ditugu». Ez da beraien lehen ekitaldia izan: azaroan, ButaK 21 zineklubarekin eta KulturZast!-ekin batera, Imanol G. Gurrutxagaren Bidean pelikula eman zuten.
Elkarrizketatuak
Bost urte hauetan musikari asko elkarrizketatu dituzte. Belako, Willis Drummond, Vetusta Morla, herriko Brumadensa taldea, Legazpiko Anker… Azken hilabeteetan elkarrizketatu dituztenen artean, Maika Makovski, Merina Gris eta Periferia daude. «Azken talde hau kataluniarra da eta Marea eta Extremoduro bezalakoak gustuko dituztenen gogokoa izan daitekeela uste dugu. Latinoamerikako taldeak ere elkarrizketatu ditugu. Euskal Herrian ere talde ezberdin asko daude eta ia denek euskaraz abesten dute, gainera», amaitu dute.