Gonbidapenak datorren asteartean banatuko dituzte, Zelai Arizti aretoko leihatilan

Irrintzi dantza taldeak jaialdia egingo du apirilaren 5ean, 19:00etan, Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Gonbidapenak datorren asteartean (hilak 25) banatuko dituzte, 19:00etatik aurrera, Zelai Ariztiko leihatilan.
Aurtengo jaialdiaren izenburua Sortu ginen hartatik da. Komunitatearen garrantzia aldarrikatzen du. Haurren taldeetako eta helduen taldeko dantzariek hartuko dute parte eta zortzi musikari eta hiru abeslari izango dira zuzenean jotzen eta abesten.
Horra hor jaialdiaren aurkezpen testua: “Familiak, kuadrillek, jaiek, kaleek, musikak, tradizioek, festek eta dantzek egiten gaituzte herri, horiek guztiek egiten gaituzte komunitate. Gertutasunak familia eta herriak bizilagun. Lagunek kuadrilla eta errutinak langile. Hizkuntzak komunitate eta kulturak biztanle. Komunitate eta herri sentimenduaren galera kulturaren bermatzearen faltarekin batera datorkigu. Bakoitza bere buruaren barnean biziko bagina bezala joan eta etortzen dira egunak. Ingurura begiratu gabe, ingurukoetan erreparatu gabe. Zenbat eta zenbat familik utzi behar izan dute beraien jaioterria. Zenbat familik hautsi dituzte sustraiak hirira edo erbestera joatean, haien kultura eta tradizioak atzean utziz. Herrira, etxera itzultzean soilik nabarmentzen da errenuntziaren tamaina, galdutako guztia, desbiderapena. Herrira itzultzean sortzen da berriro konexioa. Herrira itzultzean sendatzen dira zauriak. Herrira itzultzean birgogoratzen da zein den benetan norberaren identitatea”.

Jaialdiaren kartela Miren Hernandezek egin du.