Txangoak, kirol ekitaldiak eta ikastaroak antolatu dituzte

Irteerak, kirol txapelketak eta sukaldaritza uztartuko ditu Urretxuko Gazte Bideanen udaberriko egitarauak, nerabe zerbitzuan arrakasta handiena izan ohi duten ekintzak, alegia. Apirilaren 14tik 25era bitartean, zazpi ekintza izango dira. Opor sasoian, irteerak dira Gazte Bideanen eskaintzan arrakasta handiena izan ohi dutenak, eta, oraingoa ere bi irteera izango dira, nerabeen nahiak asetzeko: Gorbeiako kartinera, bata; Gasteizko Scape-lekura, bestera. Irteerez gain, kirol eskaintzari dagokionez, hiru ekintza izango dira: frontenis txapelketa, billar txapelketa eta Irimora mendi irteera. Sukaldaritzak eta eskulanek osatuko dute udaberriko oporraldirako eskaintza.
Izena ematea behar duten ekintzetan izena emateko epea, martxoaren 30aren bukatuko da. Parte hartzea da Urretxuko Udaleko Gazteria Sailaren ardatzetako bat, eta egitarau hau ere hala antolatu dute, zerbitzuko hezitzaileek eta erabiltzaileek eskuz esku.
Ia bi urte dira Urretxuko Udalak Gazte Bidean zerbitzuaren aldi berria abiarazi zuenetik. Maialen Fidalgo Mendizabal Herritarren Batzordeko zinegotziak azaldu du tarte horretan zerbitzua egonkortzea ez ezik, zerbitzua haztea ere lortu dutela, eta ahalegin horretan jarraitzen duela Gazteria sailak. Egun, zerbitzuak 221 bazkide ditu. Ikasturtearen lehen seihilekoan gainera, ia 3.000 aldiz baliatu dute zerbitzua, 2.820 aldiz zehazki. Zenbakiez harago, ordea, proiektuetan eta ekimenetan ere hazten ari da, eta proiektu berritzaileak garatzen ditu Gazteria sailak nerabeen parte hartzearen bitartez euren ongizatean, hezkuntzan eta gozamenean eragiteko.