
Gabiriako Baztarrika gaztandegia Madrilgo (Espainia) Salon Gourmets nazioarteko elikadura eta edari feriako gazta lehiaketako finalera sailkatu da. Ardi esne gordinez egindako gazta erdi-onduaren saileko finalera, hain zuzen ere. Baztarrika gaztandegiko nagusiak Asier Osinalde eta Eli Elgarresta senar-emazteak dira. Osinalde zumarragarra da. Legazpiko fabrika batean lan egiten zuen eta duela 21 urte lantegia utzi zuen emaztearen familiaren gaztandegian lan egiteko.
Salon Gourmets apirilaren 7tik 10era egingo dute, Ifema erakustazokan. Gazta lehiaketara ia 900 gazta aurkeztu dira eta finalera 100 pasa dira. Finala apirilaren 7an izango da, baina irabazleen izenak apirilaren 10ean emango dituzte ezagutzera. Baztarrikako gazta beste lau gaztekin lehiatuko da: Quesos artesanos Villarejo (Cuenca), Gaztañaditxulo (Idiazabal), Finca La Cuadra (Albacete) eta La Casota (Ciudad Real).