
Mikel eta Iñaki Etxaniz anaien laguntza jaso duen Theo Kipsang atleta kenyarrak Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia egingo du larunbat honetan, antolatzaileek kontratatuta. Faboritoetako bat da. Dagoeneko Urretxun dago, larunbateko lasterketarako prest.
Kipsang-ek 28 urte ditu eta azaroan Europara etorri zen, Etxaniz anaien laguntzari esker. Urretxun egun batzuk igaro ondoren, Valentziara joan zen eta bertan bere lehen maratoia egin zuen. Bere helburua profesional izateko bidean lehen pausoa ematea zen. Bertan egindako lan onari esker (maratoia bi ordu eta 10 minututan egin zuen), Joma taldearekin fitxatu du. Larunbatean Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian parte hartuko du eta datorren astean Madrilgo maratoi erdian. Udazkenean Europara etorriko da berriro, maratoi bat egitera.