Afera geriatriko berria egin zen garaitik dator

Zumarragako Udalak 147.000 euro gehiago ordaindu beharko dio Moyuak eta Matiak osatutako Gerozerlan enpresari. Auzia geriatriko berria egin zenetik dator. Anton Arbulu alkateak aldundiarekin hitzarmen bat sinatu zuen eta horren arabera udalak geriatriko berriaren inguruko urbanizazioa ordaindu behar zuen, apartamentu tutelatuen obratik lortutako diruarekin. Baina krisia iritsi zen, apartamentuak ez ziren egin eta udalak ez zion urbanizazioa ordaindu Gerozerlani. Honek udala epaitegietara eraman zuen. Udalak Arbuluk sinatutako hitzarmenaren berri ez zuela alegatu zuen (hitzarmena ez zen osoko bilkuratik pasa) eta Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak udalari arrazoia eman zion. Baina Gerozerlanek EAEko Justizia Auzitegi Nagusira jo zuen eta honek Gerozerlani arrazoia eman zion. Hala, udalak urbanizazioari zegozkion 322.000 euroak ordaindu zituen. Interesei dagokienez, Gerozerlanekin negoziatzen saiatu zen: bere jabegoko lokal bat eskaini zion, eguneko zentroa herrira gerturatzeko. Azkenean, udalak interesak ere dirutan ordaindu beharko ditu: aipatutako 147.000 euroak, hain zuzen ere.
Mikel Serrano alkateak horren berri eman zuen astearteko osoko bilkuran. «Gerozerlanek beraien helburua ez zela dirua irabaztea esan zigun eta hainbat lokalen alokairua doan eskaini genien, beraiek kudeatzen duten eguneko zentroa herrigunera gerturatzeko eta zorra kitatzeko. Baina azkenean ordaindu egin behar dela esan digute». EH Bilduko Aritz Elgarrestak «gardentasun falta» salatu zuen. «Sententzia 2023ko hauteskundeen aurretik izan zen eta guk ondoren jakin genuen».