Hiru urtean diskrezioz jorratu dute bakearen, bizikidetzaren eta elkarrizketaren bidea 35 bat herritarrek. Ekimena gizarte osoari zabaldu, eta "derberdinen arteko elkar ulertzean" urrats gehiago egiteko konpromisoa azaldu dute.

Euskal Herrian azken mende erdian izan diren afera sozio-politikoen ondorioak bideratze aldera, Urretxun gaur aurkeztu dute jendaurrean bizikleta lantzeko foroa. Hiru urtean aktiboki eta maiztasun konstantez landu dute bizikidetzaren eta elkarrizketaren eremua. Iragan hurbilean izandako “motibazio politikoko indarkeriaren inguruan” hitz egin dute, batetik. Etorkizun hurbilerako elkar ulertzean eta errespetuan oinarritutako soroa landu dute, bestetik.
Pagoetako eliza zeneko aretoan, gaur eguerdian aurkeztu dute ekimena. Jatorri, lanbide, bizipen eta ideologia askotako 35 bat lagun aritu dira –banan-banan izendatu dituzte– lanketan. Horiek, eta aurkezpen publiko orokorrera gonbidatu dituzten herritar gehiagok parte hartu dute. “Elkarrekin eseri eta hitz egin dugu, elkarrekin hausnartu dugu eta izugarri ikasi dugu gure bizipenak partekatuz”, aurkeztu dute ekitaldia Josune Zarandonak eta Mikel Babianok. Baketik erakundeko Aintzane Gamizek gidatu du lanketa, eta 2027ra arteko kronograma zehaztuta daukatela aurreratu du.
Bizikidetza hobetzeko ahaleginean, “batzen gaituena” azpimarratu eta “elkarrengandik urruntzen gaituena” indartu dute. Gaur, ekimena Urretxuko gizarte osoari aurkeztuta, “aurrerapauso bat” emateko erabakia dela baieztatu dute. “Libre sentitzeko, eta bizilagunekin indarkeriak eragin gabe elkarbanatzeko eta gozatzeko nahia dugu. Datozen aldaketekin egonezin handia dago, eta bizitza komunerako, nahiak eta beharrak hala adieraz daitezela. Gatazkak beti izango dira; nola aurre egiten zaien da diferentzia”.
Saioa Puebla dantzariak irudikatutako performancearekin hasi eta bukatu da ekitaldia. Gatazkak gainditzeko metodoetako lau kontzeptuak gogorarazi ditu: egia, justizia, erreparazioa eta bizikidetza. “Ikusezina den maitasunaren hari gorriak” lotu ditu partaide guztiak aurrena. Azkenean, borobilean kokatu, eta lau herritarrek eta Jon Luqui alkateak esan dituzte sentipenak eta orain arteko bidean ikusi dituzten onurak. Gatazkaren eraginak eta ondorioak modu askotara jasan eta nozitu dituztenak zeuden tartean. “Ezberdinak ulertzeko” borondatea, iritzi aniztasuna errespetatzeko nahia, biktimek jasan dituzten indarkeriak ezagutzea, eta gizarte zibilaren balioa aintzakotzat hartzea nabarmendu dituzte, besteak beste.
Luqui alkateak argitu du ekimen hau, berez, duela zortzi urte hasi zela. “Lau lagun etorri ziren nigana udalera; gaur haietako bi daude hemen. Momentu hartan hasi zen mugimenduaren abiapuntua. Oso baikorrak ez ginen hasieran, eta udalean ere denon aldetik lan handia egin da; sarritan hala adierazi nahi bada ere, dena ez da liskarra. Jende anitza bai, baina [foro honetako] denak oso argiak eta eskuzabalak izan dira. Gure pentsamoldeak ere aldarazi dizkigute sarri, eta formazio parte bat ere egon da nigan. Ondorengoentzako legatu bat utzi nahi da”. Gaurko aurkezpen egunak “beldurra” eragiten ziola ere aitortu du alkateak, ekimena zabaldutakoan jendeak nola erreakzionatuko zuen eta zenbat jendek bat egingo zuen ikusi arte.
Ekimena sendotzen eta zabaltzen jarraitzeko desira agertu dute. Udazkenean eta datorren urtean, Urretxun hainbat ekimen eta ekitaldi antolatuko dituzte.
“Denbora, lekua eta egoerak kontutan izan gabe, bakea desio dut”, iguriki du dantzariak. Bukatzeko, bakoitzaren desioak txartel banatan idatzi, eta zuhaitz-landare batean zintzilikatu dituzte.