Elkarteari buruzko liburua eta elkartearen ereserkia aurkeztuko dituzte

Zumarragako Txurruka kaleko Auzokoak elkarte gastronomikoak 50. urteurrena ospatuko du larunbatean. 11:00etan Fermin Lopetegik elkarteari buruzko liburua aurkeztuko du eta ondoren elkartearen ereserkia aurkeztuko dute. Ereserkia Oier Gaston gazte urretxuarrak konposatu du eta hitzak Lopetegirenak dira. Bukatzeko, luntxa egingo dute.
Ereserkia Zumarragako bandako kideek joko dute. Izan ere, Auzokoak elkarteak lotura estua du bandarekin. Horretaz gain, elkarteko kideek herriko hainbat ekimenetan lagundu dute: danborradan, txirrindulari probetan… Aipatzekoa Ispilla kiroldegiaren inaugurazio ekitaldian izan zuten garrantzia. Kiroldegia inauguratzeko punta-puntako eskubaloi partida antolatu zuten eta partida hura Xabier Zamarripa elkartearen lehendakariaren bitartekaritzari esker antolatu zen. Jugoslaviako Metaloplastika (orduko Europako txapelduna) eta Irungo Bidasoak jokatu zuten. Ondoren, serbiarrek Auzokoak elkartean afaldu zuten. Bertan, porroia eta kalimotxoa ezagutu zituzten. Bestalde, afariaren ondoren, Veselin Vucovic jokalari serbiarrak Atletico de Madrid taldearekin aurrekontratua fitxatu zuen han bertan. Gertakari horiek guztiak, eta askoz ere gehiago, jaso ditu Lopetegik larunbatean aurkeztuko duen liburuan.