"Gogotsu eta motibatuta" dago Itzulirako txirrindulari urretxuarra. Beasaingo etapako helmugara "banan-banan edo talde txikitan" iritsiko direla uste du.

«Sentsazio onekin» hasi zuen denboraldia Xabier Isasak (Urretxu, 2001). «Hankak ondo» sumatu zituen. Valentziako Voltan eroriko bat izan zuen eta horrek hilabete korritu gabe eduki zuen. «Baina zorionez ondo errekuperatu nintzen eta gero azkeneko klasikatan eta Taiwango itzulian sentsazio onak eduki nituen». Taiwanen taldekakoa irabazi zuten, eta Paul Hennequin taldekideak etapa bat irabazi zuen. Isasak 9. postuan bukatu zuen sailkapen orokorrean.
Itzuliari begira «gogotsu» dago: «Etxeko lasterketa da, etxetik gertu etapa batzuk badaude eta horrek motibazio handia ematen du». Taldearen helburuetako bat bigarren etapan Jon Aberasturik esprinta disputatzea izango da. «Ea irabazteko gertu ibiltzen den, nik uste hor aukera bat badaukagula». Gainontzeko egunak «oso gogorrak» izango direla dio; «egunero bukaeran mendate gogor bat dago, zaila izango da lehenengoekin iristea, egunen batean aukeraren bat aprobetxatzea izango da helburua».
Goierriko bideak ondo ezagutzen ditu. «Beasaingo etapa oso gogorra da egun guztian zehar; Andazarrate, Bidania, Mandubia… denok ezagutzen ditugu eta bukaeran Gaintzako paso hori eta Lazkaomendiko mendatetxo horrekin oso gogorra egingo da, nik uste banan-banan edo oso talde txikitan iritsiko direla metara»