
Euskaltel-Euskadi taldeko Nicolas Alustiza txirrindulari zumarragarrak Txinako Hainan irlako itzulian parte hartuko du bihartik (astelehena) aurrera. Hainango itzuliak bost etapa ditu eta gogorrenak asteazkenekoa eta ostegunekoa izango dira. Asteazkenekoak 212 kilometro eta 3.301 metroko desnibela izango ditu eta ostegunekoak 186 kilometro eta 2.285 metroko desnibela. Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak han dira dagoeneko, 24 orduko bidaia egin ondoren. Alustiza gogotsu ageri da eta bere gorputza klima tropikalera egokitzea espero du.
Txirrindularitzak aldaketa sakona izan du azken urteetan: nazioarteko federazioak (UCI) kirol hau mundu osora hedatzeko ahalegina egin du eta talde apalenek urrutiko proba apaletan parte hartu beharra dute maila ez galtzeko eta lasterketa garrantzitsuenetara gonbidatuak izateko behar dituzten puntuak lortzeko. Hala, Xabier Isasak Taiwango itzulian parte hartu zuen duela bi aste eta Alustiza Txinan da dagoeneko. Nork esan behar zien Goierri kirol elkartearen txirrindularitza eskolan hasi zirenean bizikletaren eskutik Asia ezagutuko zutela…
Hainan uharte bat da. Txinako uharte handiena, Taiwan kontutan hartzen ez bada. Txina hegoaldean dago, Guangdongeko probintziatik itsarte estu batek banatzen duelarik. Txinako probintziarik txikiena da. Hainan uharteak Belgikaren antzeko azalera dauka eta 10 milioi pertsona bizi dira bertan.
Probintziako punturik altuena Wuzhi mendia da, itsasoaren mailatik 1.876 metrora. Hainan uharte nagusitik hegoaldera beste berrehun bat uharte daude, eta Txinak eta Malasiak gatazka dute uharte horien gaineko kontrola bereganatu nahi dutelako.
Hainan probintzian Txinako hondartzarik ezagunenetakoak daude, eta horien artean handiena Sanyako hondartza da. Sanya Milaka turista txinatarren oporretarako lekua da. Itzulia bertan bukatuko da. Horra hor Sanyako hainbat argazki.