Autoetako katalizatzaileak birziklatzen dituen Metal 78 enpresak lantegia irekiko du ArcelorMittal zegoen tokian
Fabrika 2026ko urtarrilean irekiko da eta 40 lagunei lana emango die

Metal 78 enpresak autoetako katalizatzaileak birziklatzeko lantegia irekiko du Zumarragan, ArcelorMittal enpresa zegoen tokian. Obrak udaberri honetan hasiko dira eta lantegia datorren urteko urtarrilean jarriko dute martxan. 40 laguni lana emango die. Lantegian autoetako katalizataileetatik hiru metal preziatu berreskuratuko dituzte: platinoa, paladioa eta errodioa.
Metal 78 enpresak sarrerako pabiloia egokituko du. Pabiloi hori ArcelorMittalena zen. 2016an ArcelorMittalek lantegia itxi zuen eta 2021ean Eusko Jaurlaritzak hamabost hektareatako lursaila eskuratu zuen (Metal 78 enpresaren pabiloia barne). 2016tik hainbat saiakera izan dira ArcelorMittalena zen lursailean enpresak ezartzeko.
2016tik lanean
Metal 78rena aurrera aterako den lehen proiektua da. Egitasmoa gaur eguerdian aurkeztu dute lantegia irekiko duten tokian bertan. Ekitaldian Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak, Josu Bilbao Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuordeak, Mikel Serrano Zumarragako alkateak, Jose Manuel Muriel Bidasoa Metal 78 enpresako zuzendari kudeatzaileak eta Noemi Lopez Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako ordezkariordeak parte hartu dute.
Serrano izan da hitza hartzen lehena. «2016tik lan asko egin dugu hau lortzeko. Gaurkoa egun handi bat da. Abangoardian kokatuko gara. Izan ere, egitasmo hau erreferentziazkoa izango da ekonomia zirkularraren munduan. Erakunde ezberdinen parte hartzea azpimarratu nahi dut».
Tartean Ampo
Murielek ere egistasmo honetan erakunde ezberdinek parte hartu dutela azpimarratu du eta guztiei eskerrak eman dizkie. Metal 78 enpresarekin lan egiten duten guztiei ere eskerrak eman dizkie. Horien artean Idiazabalgo Ampo enpresa dago. «Hilabete batzuk barru 40 laguneko lantalde batek lan egingo dugu hemen. Ilusio handia dugu. Izan ere, teknologia berri bat erabiltzen dugu. Orain arte pirometalurgia erabiltzen zen [Metal 78k hidrometalurgia erabiltzen du]. Seguru asko, Gipuzkoan jaio den teknologia berri hau, aurki munduko beste toki batzuetara zabalduko dugu».
Metal 78 enpresaren webgunean jartzen duenaren arabera, tona bat katalizatzaile pirometalurgia bidez prozesatzeko 160 kilo CO2 isuri behar da atmosferara. Hidrometalurgia bidez 56 kilo isurtzen da.
Lopez ere gustura azaldu da. «Espainiako Gobernuak 5,1 milioi euro inbertitu ditu egitasmo honetan. Espainiako Gobernua euskal enpresei laguntzen ari zaie, Next Generation Europako funtsen bitartez. Gipuzkoan 68,5 miloi euro inbertitu dira dagoeneko. Industria jasangarriago, teknologikoago eta lehiakorrago baten alde lan egiten ari gara».
%20a, Jaurlaritzarena
Bilbaok «oso pozik» zegoela esan du. «Ekonomia zirkularra eta berrikuntza oso garrantzitsuak dira guretzat. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak Metal 78 enpresaren %20a du. Gaurkoa oso egun garrantzitsua da, Zumarragara enpresa industrial berri bat ekarri baitugu. Eusko Jaurlaritzak 25 milioi euro inbertitu ditu ArcelorMittalena zen lursail honetan. Elkarlanari esker gaude gaur hemen».
Asensio izan da hitza hartzen azkena. «Gaurko eguna zorionekoa da. Behar dugun industria bat bultzatu dugu, ekonomia berri bat sortu. Elkarlanaren fruitua da. Egitasmo honek munduan kokatzen gaitu. Talentua, ikerketa eta berrikuntza uztartzen ditu. Ekonomia zirkularra eta deskarbonizazioa bultzatzen ditu. 12 milioi euro inbertituko dira munduan arazo geopolitikoak sortzen ari diren materialak hemengo teknologia baten eskutik lortzeko».