
Gabiriako Baztarrika gaztandegiak Madrilgo (Espainia) brontzezko domina lortu du Salon Gourmets nazioarteko elikadura eta edari feriako gazta lehiaketan. Ardi esne gordinez egindako gazta erdi-onduaren sailean, hain zuzen ere. Baztarrika gaztandegiko nagusiak Asier Osinalde eta Eli Elgarresta senar-emazteak dira. Osinalde zumarragarra da. Legazpiko fabrika batean lan egiten zuen eta duela 21 urte lantegia utzi zuen emaztearen familiaren gaztandegian lan egiteko.
Salon Gourmets atzotik ostegunera egingo dute, Ifema erakustazokan. Gazta lehiaketara ia 900 gazta aurkeztu ziren eta finalera 100 pasa ziren. Ardi esne gordinez egindako gazta erdi-onduaren sailean, Idiazabalgo Gaztañaditxulo gaztandegiak irabazi du urrezko domina. Zilarrezko domina, berriz, Cuencako (Espainia) Quesos artesanos Villarejok irabazi du.