Zarraparra kolektiboak Poligrafo Fest musika jaialdiaren 10. edizioa antolatu du larunbat honetarako. Azken edizioa izango da. 2026an ez da Poligrafo Fest jaialdirik izango, nekea dela eta.
Azken edizio hau Urretxuko Nekolalde kaleko aparkalekuan jarriko duten karpan egingo da, 20:00etan. Bidelapurrak, Harria, Rüdiger eta Sotomonte taldeek joko dute. Sarrerak dagoeneko salgai daude, 16 euro gehi gastuen truke. Sarrerak erosteko, sakatu
hemen. Egunean bertan 20 euroan salduko dituzte. Zarraparrako bazkideek 10 euro ordainduko dute. Jaialdi hau Urretxu eta Zumarragako udalen laguntzarekin antolatu dute.
Sotomonte taldeak 1970eko hamarkadako rock amerikarra jotzen du. Rudigerri dagokionez, Felix Buff-ek proiektua da. Buff Willis Drummond taldeko bateria-jotzailea da. Rudiger poperoagoa da. Harriak ere rock amerikarra jotzen du. Bukatzeko, Bidelapurrak taldeak folk-rocka egiten du.
Zarraparrako Borja Aranburu eta Gaizka Oiartzabalek Poligrafo Fest antolatzeari uzteak “pena pixka bat” ematen diela, baina nekatuta daudela aipatu dute. “Pena ematen du, baina urte asko pasa ditugu lanean. Jaialdi bat antolatzeak lan asko ematen du: dei asko, mezu asko, baimenak, ekipoa lortu, eszenatokia prestatu… Urrian ZZ Rock antolatzen dugu eta, seguru aski, aurtengoa azken edizioa izango da”.