Zumarragako Udalak gastronomia, musika, artisautza eta ondarea uztartuko dituen festa antolatu du apirileko azken astebururako

Zumarragako Udalak Bide Bizia jaialdia antolatu du apirilaren 25, 26 eta 27rako. Herriak trikitixarekin duen harreman estua oinarritzat hartuta, musika, gastronomia, artisautza eta ondarea uztartuko ditu. Festa Zumarraga Bide Bizia turismo markaren baitan antolatu da.
Jaia hilaren 25ean hasiko da (ostirala). 16:00etan, 17:00etan eta 18:00etan zume eta pandero tailerrak egingo dituzte Zelai Arizti pilotalekuko karpan. Ondoren, 20:00etan, kantu afaria egingo dute, toki berean, Berakatz musika taldearekin eta herriko trikitilariekin. Bertaratzen direnek Goya eta Haraknoren furgonetetan prestatutako hanburgesak afaldu ahal izango dituzte. Euskal Herriko artisau garagardoak eta sagardoa dastatzeko aukera ere izango da.
Larunbat goizean Made in Urolako artisauek azoka egingo dute Zelai Arizti parkean. 10:00etatik 14:00etara, hain zuzen ere. Iluntzean kontzertua egingo dute. Tapia eta Leturiak, Aimar Z zumarragarrak, Aramuk, Irrintzi taldeko dantzariek eta herriko bertso eskolako bertsolariek parte hartuko dute. Bezperan bezala, hanburgesak jateko eta garagardoa eta sagardoa edateko aukera izango da.
Azken ekitaldia igandean izango da. 10:00etatik 14:00etara txu-txu trenak Elizkaletik Antiora eramango du jendea. Bertan, Beloki mendiko natur ibilbidea egiteko aukera izango dute. QR bidez natur ibilbide horri buruzko informazioa jasoko dute: natur ibilbidean ikusten den guztia, herriko historia…
Zumarraga Bide Bizia jaialdia gaur goizean aurkeztu dute Zelai Arizti kultur etxean. Ekitaldian Mikel Serrano alkateak eta Itsaso Aramendi teknikariak parte hartu dute. Serranok jaialdia Pazko Astean egingo dela gogoratu du. “Pazko Astean, betiko moduan, astelehenean Antion egingo den festarekin hasiko dugu. Beti bezala, haurrentzako jolasak, txokolate jana eta herri kirolak izango dira. Aurten gazteek protagonismo berezia izango dute herri kirol jaialdian. Eta Pazko Asteari amaiera emateko, Zumarraga Bide Bizia jaialdia antolatu dugu. Zumarraga trikitixaren sorleku dela gogoratu nahi dugu. Horren inguruan dokumental bat egin dugu eta orain festa hau antolatu dugu. Gure ondarea erakusteko baliatuko dugu”.
Aramendik festa “goxotasun handiz” prestatu dutela esan du eta herritarrak parte hartzera gonbidatu ditu.