Maialen Lujanbio, Uxue Fernandez, Jexux Mari Irazu eta Asier Azpirozek Zelai Arizti aretoan abestuko dute larunbatean

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 100 urte bete ditu eta bertso jaialdi bat egingo du Zumarragan mendeurrena ospatzeko. Jaialdia larunbat honetan izango da, 17:00etan, Zelai Arizti aretoan. Maialen Lujanbio, Jexux Mari Irazu, Asier Azpiroz eta Uxue Fernandez urretxuarrak abestuko dute. Gai jartzailea Jon Alberdi pilotari azpeitiarra izango da. Sarrera doan izango da eta bertaratutako guztiek oroigarri bat jasoko dute.
Bertso saioa gaur aurkeztu dute, Zelai Arizti aretoan bertan. Ekitaldian Mikel Serrano Zumarragako alkateak, Estitxu Eizagirre Federazioko zuzendaritzako kideak eta Alberdi gai jartzaileak parte hartu dute.
Eizagirrek bertsolaritza eta pilota euskal kulturaren parte direla aipatu du. Baita saioan parte hartuko duten guztiek pilotarekin lotura dutela ere. Fernandez pilotari ohia da eta Emakumea Pilotari egitasmoan lan egin zuen, Lujanbiok pilotan jokatzen du aisialdian, Azpiroz pilotaria da eta Irazuren bi semeak pilotariak dira. Alberdi pilotaria gai jartzaile lanetan arituko da lehenengoz. “Bertsolaritza asko gustatzen zait. Saio askotara joaten naiz eta sagardotegi giroan abestu izan dut. Bertsolari txapelketetan gai jartzailea eta Iñaki Artolaren botileroa den Iker Iriartek lagundu dit larunbateko saioa prestatzen”.