Urretxuko Smartlog enpresak afizionatu mailako txirrindulari taldea eta errendimendu zentro aitzindaria martxan jarriko ditu

Urretxuko Smartlog enpresak afizionatu mailako txirrindulari taldea eta txirrindulari gazteen talentuaren garapen integralerako proiektu aitzindaria martxan jarriko ditu, Urretxun bertan eraiki behar duen egoitza berriko hirugarren solairuan.
Taldea datorren denboraldian jarriko dute martxan. Goierri eta inguruko 15-20 mutil izango dira. Arregi Motors Volvo markaren banatzaileak egitasmoarekin bat egin du. Urretxun dagoeneko afizionatu mailako nesken taldea dago eta Smartlog-ek arduradunekin hitz egin behar du elkarlana sustatzeko.
Txirrindulariek garapen zentro integrala izango dute Smartlogek eraiki behar duen egoitza berriko hirugarren solairuan. Bertan giza baliabide eta baliabide tekniko onenak izango dituzte. Eraikuntza obra aurten hasiko da eta datorren urtean amaitzea espero dute.
Bertan, kirolean eta arlo akademikoan garatzen lagunduko diete. Unibertsitateekin eta Lanbide Heziketako zentroekin elkarlanean, Smartlogek eta enpresa laguntzaileek ikaskuntza ibilbideak diseinatuko dituzte gazteentzat. Laguntza pertsonalizatua, lan praktikak eta lan egiteko aukera eskainiko dizkiete. Errendimendu handiko zentroak entrenamenduak eta lehiaketak ikasketekin bateragarri egiteko modua eskainiko die, ordutegiak eta metodologiak egokituta eta ikastetxeekin lankidetzan.
Gainera, Smartlogen jarduerarekin lotutako bi prestakuntza lerro eskainiko dizkiete: logistikarekin lotutako zikloa UGLEn eta automatizazio logistiko masterra unibertsitateekin lankidetzan. Prestakuntza programa horietan parte hartzen duten gazteek txirrindularitza taldean sartzeko aukera izango dute.
Kirola, talentua sustatzeko
Egitasmoaren sustatzailea Jon Odriozola txirrindulari ohi eta kirol zuzendari oñatiarra da. Smartlogi bere egitasmoaren berri eman zion eta enpresak babesa ematea erabaki zuen. Proiektuaren aurkezpenean Xabier Zubizarreta Smartlogeko CEOak, Odriozola manager orokorrak eta Aitor Elortza formakuntza eta kirol arduradunak parte hartu dute.
Zubizarretak Smartlog enpresaren helburuetako bat pertsonen garapen integrala dela eta egitasmo honek ere helburu hori duela esan du. «Ardura soziala gure DNAn dugu. Jon nirekin harremanetan jarri zen txirrindularien garapen integrala sustatzeko proiektu bat abian jartzeko eta baiezkoa eman genion, txirrindularitzaren balioak gure balioak direlako. Erresilientzia, adibidez. Gainera, txirrindularitza euskal kulturaren parte da. Afizionatu mailako taldearekin hasiko gara».
Txirrindularitzarekin lotutako egitasmo hau «aitzindaria» dela esan du. «Gazteen talentua garatu nahi dugu. Beraien txirrindulari ibilbidea garatzen laguntzeaz gain, bizitza pertsonalean lagunduko diegu. Errendimendu altuko zentroan makina modernoenez gain, fisioterapeutak, nutrizionistak… izango dituzte. Kirola talentua sustatzeko erabili nahi dugu. Profesional mailara pasatzen ez direnek, gurekin lan egiteko aukera izango dute. Gizarte eraldaketaren katalizatzaile izan nahi dugu».
Odriozola oso pozik azaldu da. «Niretzat ohorea da hemen egotea. Formazioan asko dago egiteko eta lehenengoz baliabideak izango ditugu, enpresa bati esker. Egitasmo hau aitzindaria da txirrindularitza munduan. Futbolak egiten dituen gauza onak kopiatuko ditugu. Egitasmo hau aurrera ateratzeko denbora behar da eta bost urte ziurtatuta ditugu. Smartlogek asko inbertituko du eta mundu mailan aitzindariak garela esango nuke».