Urretxu eta Zumarraga Donostiarekin lotuko dituen autobus zerbitzua hilaren 28an jarriko dute martxan
Tolosan, Donostiako Psikologia fakultatean eta Donostiako tren geltokian geldialdiak egingo ditu

Linea berriak Zumarraga, Beasain eta Ordizia; Tolosa eta Donostiarekin lotuko ditu. Autobusa ordu bat eta 15 minututan iritsiko da Zumarragatik Donostiara. Mugi txartel pertsonalizatuarekin ordaintzen dutenek 1,37 euro ordainduko dute, Mugi anonimoarekin ordaintzen dutenek 1,80 euro eta eskudirutan ordaintzen dutenek 5,10 euro.
Astelehenetik ostiralera ordu oro autobus bat egongo da bi norabideetan. Lehenengoa 06:15ean abiatuko da eta azkena 21:15ean. Asteburuetan eta jaiegunetan bi ordutan behin autobus bat izango da. Lehenengo autobusa 08:15ean abiatuko da eta azkena 22:15ean. Zumarraga-Donostia autobusa Zumarragako tren geltokitik abiatuko da eta Beasaingo eta Ordiziako tren geltokietan eta Tolosako Santa Klara komentuan geldialdiak egingo ditu. Beasainen eta Ordizian ezin izango da autobusetik jaitsi eta Tolosan ezin izango da autobusa hartu. Donostiara Ibaeta auzotik sartuko da eta Psikologia fakultatean, Esklaboetan eta autobus geltokian geldialdiak egingo ditu. Donostia-Zumarraga autobusari dagokionez, Donostiako autobus geltokitik abiatuko da eta Esklaboetan, Psikologia fakultatean, Tolosan, Ordizian eta Beasainen geldialdiak egingo ditu. Esklaboetan, Psikologia fakultatean eta Tolosan ezin izango da autobusetik jaitsi eta Ordizian eta Beasainen ezin izango da autobusera igo.
Zerbitzu berria gaur aurkeztu dute Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak; Leire Artola Beasaingo alkateak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak. Adur Ezenarro Ordiziako alkateak ezin izan du prentsaurrekora joan.