Euskaltel-Euskadi taldeak Txinako Hainan irlako itzulian parte hartu zuen joan zen astean. Sei txirrindulari eraman zituzten Txinara. Horien artean, bi goierritar: Nicolas Alustiza zumarragarra eta Xabier Berasategi olaberritarra. Alustizak bidaiaren eta Txinan emandako egunen berri eman du.

Txirrindularitzak aldaketa sakona izan du azken urteetan: nazioarteko federazioak (UCI) kirol hau mundu osora hedatzeko ahalegina egin du eta talde apalenek urrutiko proba apaletan parte hartu beharra dute lasterketa garrantzitsuenetara gonbidatuak izateko behar dituzten puntuak lortzeko. Hala, Euskaltel-Euskadi taldeak Asiako bi probetan parte hartu du azken asteetan: Taiwango eta Txinako Hainan irlako itzulietan. Taiwanera Xabier Isasa urretxuarra joan zen eta Txinara, berriz, Nicolas Alustiza zumarragarra eta Xabier Berasategi olaberritarra.
Hainan Txinako uharte handiena, Taiwan kontutan hartzen ez bada. Txina hegoaldean dago, Guangdongeko probintziatik itsasarte estu batek banatzen duelarik. Txinako probintziarik txikiena da. Hainan uharteak Belgikaren antzeko azalera dauka eta 10 milioi pertsona bizi dira bertan.
Probintziako punturik altuena Wuzhi mendia da, itsasoaren mailatik 1.876 metrora. Hainan uharte nagusitik hegoaldera beste berrehun bat uharte daude, eta Txinak eta Malasiak gatazka dute uharte horien gaineko kontrola bereganatu nahi dutelako.
Hainan irlan Txinako hondartzarik ezagunenetakoak daude, eta horien artean handiena Sanyako hondartza da. Sanya milaka turista txinatarren oporretarako lekua da. Itzulia bertan bukatu zen.
Beroa eta hezetasuna
Alustiza eta Berasategi ez ziren hondartzaz gozatzera joan, ordea. Alustiza Valentzian, Mallorcan, Portugalen, Galizian, Belgikan eta Katalunian aritu da, Txinara joan aurretik. «Katalunian punta-puntako taldeak zeuden eta Txinan ez. Kataluniakoak eta Txinakoak bi kirol ezberdin dirudite. Erritmoa eta ibilbideak oso ezberdinak dira. Klima eta korritzeko modua ere ezberdinak dira. Txinan 35 gradu egiten zuen eta hezetasuna sekulakoa zen. Dena den, nahiko ondo moldatu gara eta esperientzia polita izan da».
Lehenengoz egon da Txinan. «Txinako irla batera joan behar zarela esaten dizutenean, harritu egiten zara. Baina han ere zaila da irabaztea. Maila baxuagoa eta txirrindularitza ulertzeko beste modu bat dituzte, baina han ere pedalei eman behar zaie. Dena den, Katalunian ez nintzen tropelaren buruan jarri eta Txinan, ordea, bai. Baina mendateak ez ziren gogorrak eta etapa gogorrenean 40 iritsi ginen aurrean».
Parte hartzaileen artean Txinako lauzpabost talde zeuden. «Horiek hezetasunera ohituta daude eta ez zuten ordu aldaketa sufritu behar izan. Sei orduko aldea dago eta heldu ginenean nekatuta geunden. Jateari dagokionez, hasieran ez genekien gorputzak zer eskatzen zigun ere. Ostiral goizean abiatu ginen eta larunbat eguerdian iritsi ginen. Bidaiak 24 ordu iraun zuen. Hegazkinetik jaitsi ginenean sekulako bero eta hezetasun kolpea jaso genuen. Dena berde-berdea zen. Zorionez, errepideak onak ziren eta auto eta moto gidariek asko errespetatzen gintuzten entrenatzera ateratzen ginenean».
Paisaiari dagokionez, dena antzekoa iruditu zitzaion. «Irla bat denez, gehienetan hondartza ondotik ibili ginen. Hondartza eta zuhaitzak. Hezetasuna sekulakoa zen. Ezin genuen arnasa ondo hartu. Hirietan etxe-orratz asko zeuden eta herriak txikiak eta apalak ziren».
Hotelak eta janaria
Hotelak onak ziren, baina janaria ez zitzaion asko gustatu. «Janaria ez zitzaidan batere gustatu. Arroza bagenuen, baina egunero arroza jatea… Proteinak lortzeko haragia jan behar dugu, baina haragiari espezia asko botatzen dizkiote. Ez genien zer ari ginen jaten eta kontuz ibili behar ginen, tripetako arazorik ez izateko. Hoteletako jangeletara gogorik gabe joaten nintzen. Lasterketetan ematen diguten janaria askoz ere gusturago jaten nuen. Taiwanen egon ziren taldekideek hango janaria hobea zela esan digute».
Hurrengo erronkak
Itzuli denean, etxeko janaria eta ohea gustura hartu ditu. Datorren astean Asturiaseko itzulian parte hartuko du. Denboraldi hasieran egindako lanarekin gustura ageri da. «Denboraldia nahiko ondo hasi dut. Bigarren denboraldia dut profesional mailan eta helburua pauso bat eman dudala nabaritzea da. Egia esan, iaz egindako lana nabari dut: esperientzia gehiago dut, lasterketetako erritmoari errazago eusten diot… Pozik nago. Gainera, errendimendua hobetzeko ahalmena dudala uste dut. Kontratua aurten bukatzen da, baina berritzeko orduan ez dugu arazorik izango».

Nicolas Alustiza, Hainango itzulian. Argazkia: Euskaltel-Euskadi.