
Zumarragan Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) eguneratzeko prozesuan murgildurik daude. EH Bilduk bere ekarpenen berri eman du, prentsa ohar bidez. Horra hor prentsa oharraren edukia.
“Iaz aurrerapen dokumentua aurkeztu zitzaigun herritarroi eta bai berau erredaktatzeko prozesuan, nola behin aurkeztu eta gero, ekarpenak egiteko aukera izan dugu. Bide horretan, Zumarragako EH Bildutik, gaia seriotasunez eta zintzotasunez landu dugu hainbat aditu, udal teknikari eta herritarrekin bilduz eta jarraian gure ekarpenak udal gobernu taldeari eta talde erredaktoreari helaraziz.
HAPO berri honek gure herriaren garapen eredua definituko du datozen urteetarako. Ondorioz, etorkizunean nahi dugun Zumarraga irudikatzeko garaian denon ekarpenak beharrezkoak izango direla sinetsita gaude. Alor desberdinen inguruko ekarpenak egin ditugu, hamairu atal desberdinetan banatuta. Autosufizientzia energetikorako estrategia, mugikortasun jasangarri baterako trantsizioa, gure etorkizuneko zaintza sistema, landa eremua eta biozaniztasuna, etxebizitza-politika eta jarduera ekonomikoaren inguruko ekarpenak, besteak beste, izan dira gure proposamenen ildoak. Ekarpen zehatz eta egingarriak, aintzat hartuak izango direla espero dugunak.
Hiri antolamenduko ekarpenei dagokienez hauek dira bilatuko ditugun ardatz estrategiko nagusiak: a) Goiko auzoak eta herrigunearen arteko konexioa handitu eta goiko azuoen birbalorizazioa lortzeko eraldaketa urbanoak diseinatzea; 2) Beharrezkoak ditugun zaintza, kirol eta kultur ekipamendu berriak planifikatzea; 3) Mugikortasun eredu berri baterako espazioak gordetzea.
Eitza, Mertzedariak eta herrigunearen arteko birika berria: zaintza ekosistema berri bat.
Alde batetik, Mertzedariekin hitzarmen bat lortu nahiko genuke bertan zaintzarako ekosistema bat sortzeko eta bide batez gune eder hori herritarren gozamenetako irekiz. Herriarentzat eremu berri bat irabaziko genuke horrela eta Eitza eta herrigunea konektatuko litzateke. Bestetik, kiroldegia eta gasolindegiko eremua eraberritu eta etxebizitzetarako aukera aztertzea proposatzen dugu. Era berean, San Gregorio kalearen bulebarizazioa ere proposatzen dugu, eremua oinezkoentzako atseginagoa izan dadin.
Artiz-Arcelor eremua: igogailua eta kirol eta kultur ekipamenduetarako gune berria
Arcelorreko mugako eremu hau, ekipamendu dotazionalentzat egokitu. Bertan, musika eskola Herri Arte Eskola bilakatzeko eremua aurreikusten dugu eta hain beharrezkoa dugun kirol azpiegitura berria joan daiteke bertan.
Bertan igogailu bat ezartzea aurreikusten dugu dagoen aldapa gainditzeko. Ekimen honekin Leturiak eta herrigunea jostea lortuko genuke.
Euskal Herria hiribidea-Arcelor: Hiribidea herritarrentzat berreskuratu ospitalerako sarrera aldatuz.
Plan Bereziak Arcelorreko sarrera Legazpi aldetik aurreikusten duela aprobetxatuz, Euskal Herriaren bulebarizazio erreala egitea proposatzen dugu. Autoen abiadura moteldu, trafikoa gutxitu eta segurtasuna areagotuko luke. Bide horretan, estrategikoa litzateke ospitaleko sarrera berri bat aztertzea Euskal Herria hiribidetik pasatuko ez litzatekena.
Adif-eko hondartza baliatu: aparkaleku disuasorio handi bat eta mugikortasun eredu berri baterako ardatza.
Geltoki ondoko eremua urbanizagarri sektorizatu gabe gisa kalifikatzea proposatzen dugu. Helburua erreserba bat sortzea litzateke. Autobus geltokiaren hedapenerako, adibidez. Aparkaleku disuasorioentzat, osasun jarduerekin osagarriak diren instalakuntzentzat edo bestelako jardueretarako aukera ere izan liteke.
Amaitzeko, Arcelor eremua industria aurreratu baterako eremua izan dadin lan egitea eta herrian zaharkitua geratu den etxebizitza parkea eraberritzeko eskala handiko operazio bat beharrezkoa dela uste dugu.
Sarrera eman diogun txosten hau propio lan honetarako sortu dugun lan talde baten lehen emaitza da. Eragile, aditu, herritar, udal langile eta talde erredaktorearekin bildu ostean sortutako ekarpen txostena da. Hauteskunde kanpainan proposatzen genituen ekimenen norabide berean doana eta, gure ustez, 2050ean Zumarraga bizi eta bizigarri bat izateko oinarriak jartzen dituena. Orain, udal talde desberdinoi dagokigu elkarlanean, herri honek behar duen proiektua adostu eta gauzatzea. Bide hori jorratu nahi bada, bidelagun izango gaituzte.