- Zuzendaria: Ruben Ostlund.
- Gidoilaria: Ruben Ostlund.
- Antzezleak: Johannes Bah Kuhnke, Clara Wettergren, Lisa Loven Kongsli, Vincent Wettergren.
- Herrialdea: Suedia.
- Iraupena: 118 min.
- Urtea: 2014
Familia suediar perfektu bat, bikote gaztea, alaba eta semea, resort turistiko dotore batera heldu berri da, Alpe frantziarretan eski aste batez gozatzeko asmoz. Terrazan zer edo zer jaten ari direla bapatean elur-jausi bat gainera datorrela jabetzen dira. Haserako irribarre aztoratuak izu garrasi bihurtzen dira. Ebba, amak, bi seme-alabak besarkatzen dituen bitartean, Tomasek iPhone-a hartu eta hanka egiten du. Segundo batzuk igaro ondoren elur-jausiak ez dituela azpiratu konturatzen dira metro apur batzuetara garatu delako. Zauriturik egon ez arren gertaerak ondorioak eragingo ditu familia barruan, euren arteko erlazioak eta konfiantza urratuz. Aita zalantza pean dago orain eta bere estatusa berreskuratu beharko nola edo hala.
Ruben Ostlund zuzendariak komedia bezala mozorrotzen du bere ideia bihurri eta ankerra. Bihurria da benetan oporraldia bezalako testuinguru idiliko bat proposatzen digulako, leku zoragarri batean gainera, katastrofe bat irudikatzeko, katastrofe familiar bat hain zuzen. Bihurria, pertsonaiek drama bat bizi dutelako, baina maltzurki, familia horren desestrukturazioa baliatuta, egoeraren alderdi komikoa erakusten digulako, guk protagonista izan ezkero ikusiko ez genukeena noski. Komedia beltza gustuko baduzue Cannesen “Un certain regard” sailean epaimahaiaren saria jaso zuen film hau asko gozatuko duzue.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide