Telebistan ematen ari dira albistearen berri. Bost tipo atxilotu dituzte Bilbon atrakatzaile talde batekoak zirela eta.
Pako begira dago, eta bat-batean bururatu zaio beraietako bat ezagutzen duela. “Sorkunde, etorri momentu batean, azkar!!”. Sorkunde hor dator, patata bat eskuan, eta bestean labana, sukaldean jarduteko mantala jantzita. “Ezagutzen duzu hori?” Sorkunde begira dago, “Ez”. “Begiratu ondo”. Sorkundek arretaz begiratzen du, baina ez daki telebistan agertzen den gizaseme iletsua nor den. “Bai, emakumea, kenduiozu peluka, eta bera da; Aritz tabernako kamareroa!”. “Eee? Bai zera. Kamareroa banketxeak lapurtzen?”. “Bera da! gogoan dut nola aritu zinen berarekin diskutitzen bokatak zein garestiak ziren”. Telebistak jarraitzen du: “Atxilotuen artean Bilboko taberna ezagun bateko jabea dago, Josu ezizenarekin ezagutzen den Aritz jatetxeko jabea”. “Ehh? Esan dizut!!”, oihukatzen du Pakok irabazlearen harrotasunarekin. “Hori da bokatak atera eta gero 30 euro kobratu nahi ziguna?” dio Sorkundek. “Horixe bera, Krixtorenak esan zenizkion!” dio Pakok algara batean. “Esango didazu!! 30 euro hiru bokata eta bi Coca Colagatik!! Oraindik horrelakorik!!”. “Ba begira, orain ez ditu asko aterako. Urte batzuk egingo ditu kartzelan”. “Ondo merezita!!” dio Sorkundek sukaldera bueltan. Sorkunde, patatak txukun-txukun zuritzen dituen bitartean, marmarka ari da. “Bankuak lapurtzea gauza bat da, baina, 30 euro hiru bokata!!”
Joxe Manuel Bereziartua