2011. honek martxoa ere jo du eta gure herrian bertsoaren doinuak topera dabiltza.
Aurten, dena den, beste doinu batzuk arreta beste toki batzuetara desbideratu didate: bai, lau urtez behin ospatzen den musika/dantza ziklo batera. Hauteskunde atarian egiten diren aurresku edo agur doinuez ari naiz. Eta zergatik? Ba argi dago, hainbat proiekturen inaugurazioengatik. Zeremoniatxoaren gailurra dantzak jartzen du. Ez dakit dantzariak nola sentituko diren honelako egoera batean, baina ze zentzu du eraikin berri bati dantza egiteak? Nire ustez dantza hau “debaluatu” egin dugu erabat. Ohore dantza da, solemnea, eta horrek pertsona jakin bati edo batzuei eskainia izan behar du. Egia da ekitaldi hauetan agintariak izaten direla ekimenaren buruan eta beraiei egiten zaiela ohorezko dantza. Agian, beraietako askok merezita izango dute ohore hori jasotzea, baina seguru nago momentu horretako arrazoiengatik ezetz. Aginterako aukeratzen ditugun lagun horien lana gure dirua kudeatzea da. Beraien betebeharra hori da eta ez zait nahikoa arrazoi iruditzen urtean hamaika agur “jasotzeko”. Lantegira doan langile edo enpresariari egiten al zaio honelakorik? Honelakoen aurrean, bi buelta ematea eskatuko nieke datozen agintariei ekitaldi hauek nola egin pentsatzen, proiektu batzuei gorputz eta arima eskaintzen badakite eta. Bestalde, dantzari/dantza taldeei agurrari dagokion prestigioa ematea eta lantzea eskatuko nieke.
Ibon Garmendia