Otamotzi agur esateko lerro hauek idaztean bizi izandako unetako irudiak etorri zaizkit burura. Lehenengoa Antzuolako amaren jaiotetxekoa da, eta han osaba bat eta ni berriketan.
-Gu zer gara tio? -Zuen ingurukoak eta Legazpikoak otamotzak zarete. Bigarrena: Elkarteari zein izen jarri erabaki beharra. Peio Biainek Zintzo-Mintzo jartzea proposatu zuen eta nik Otamotzak. Batzarrak elkartearen izena Zintzo-Mintzo izatea erabaki zuen, baina baten batek aldizkariaren izena Otamotzak izan zitekeela esan zuen. Hirugarrena: bilerak, bilerak eta bilerak. Zenbat kosta zen aldizkaria martxan jartzea! Azkenean gure ametsa gauzatu zen. Zenbait lagun hor zeudelako. Hasteko, proiektu honen aita, sekulako lana egin duen Sebas Iturriotz. Laugarren irudia: Bide-lagunak izan direnena: Jonmikel Intsausti, Josu Aztiria, kazetariak (Amaia Pildain, Jon Balentxi, Jon Ormazabal, Igor Susaeta, Idoia Luzuriaga, Alex Areizaga, Asier Zaldua…), argazkilariak (Buru, Carlos Mediavilla, Josu Perez…), testuak egin dituztenak (Araiz Padron, Ritxi Babarro eta abar luze bat), Bere eta Jon Pinillos marrazkilariak… Eta banatzaileen artean Aintzane Arizmendiarreta azpimarratu behar dugu. Eta bestetik irakurleak. Amets hura guztion artean gauzatzea lortu dugu. Orain aldaketak datozkigu. Agurraren tristura sentitzen dut, baina honako proiektu aberasgarria gauzatu izanaren poztasuna ere badut. Badakit aipatutako guztiok eta beste askok lanean buru-belarri jarraituko dugula gure benetako nahia, euskaraz bizitzea eta euskararen mundura gero eta jende gehiago erakartzea, gauzatzeko. Ea nahi hori ere gauzatzea lortzen dugun! Prest jarraitzeko, ezta? Orduan aurrera!
Marian Toledo