Irailaren 5ean sail sindikala bildu ondoren, LABek enpresako zuzendaritza eta CCOO, ELA eta UGTren artean sinatutako akordioa ez sinatzea erabaki zuen. Besteak beste akordio honek ez duelako etorkizunera begira inolako bermerik ematen eta ez delako Zumarragako lantokiaren bideragarritasuna bermatuko duen neurririk jasotzen.
Akordio honek enpresaren ikuspegia bakarrik jasotzen du, hau da, langileak zuzendaritzak har ditzakeen neurrien erantzule eta errudun egiten ditu. Txeke zuria eskaintzen dio enpresari eta enpresaren kudeaketa txarrari zilegitasuna ematen dio.
Hala ere, Arcelorren gertatutakoa ez da kasu bakarra. Erreformaz erreforma gero eta bitarteko gehiago eman zaizkio patronalari lan harremanak desarautu eta prekarizazioaz baliatuz, lan kostuak murriztu eta irabaziak bermatzen jarraitzeko.
Orain malgutasunarekin, lanaldiaren gaineko kontrol osoa nahi dute, lan kostuak murrizten jarraitzeko. Gezur borobila da malgutasunak enplegua babesten duenik. Suntsitu egiten du eta bizitza pertsonala eta lanaren arteko kontziliazioa ezinezkoa egiten du.
Langileengan ziurgabetasuna eta beldurra dira nagusi eta enpresariei mehatxuak gauzatzeko oztopo legal guztiak kendu egin zaizkie.
Enpresek kalerapenen edota enpresa itxieren mehatxua erabiltzen dute behin eta berriz langileak izutzeko eta lan baldintzetan atzerapauso berriak inposatzeko; norbaitek sinesten du horrelako egoeretan langileen erabakia librea denik? Testuinguru hau izan da Arcelorreko «negoziazio» eta «akordioa» baldintzatu duena. Ez da benetako negoziaziorik egon, amore emate bat baizik, mehatxupean eginiko inposaketa bat baizik.
Oso kezkagarria iruditzen zaigu maila honetako mehatxu baten aurrean instituzioek eta CCOOk, UGTk eta ELAk hartu duten jarrera.
Multinazionalek eta elite politikoak sindikalismo eredu bat nagusitzea nahi dute, konfrontazioari uko egiten diona, enpresariei men egiten diena, langileei guztia ontzat ematea beste biderik ez dagoela sinestarazi nahi diena. CCOOk eta UGTk nabarmen egiten dute eredu horren alde.
Begi bistakoa izan da Arcelorreko kasua sekulako xantaia izan dela eta benetan kezkagarria iruditzen zaigu ELA akordio horretara sartu izana. Lan erreformari enpresatik aurre egin behar zaiola esan ondoren, enpresetan horrelako akordioei bide ematen die.
LABen lerro sindikala oso argia da: ez dugu ontzat emango langileen eskubidetan atzerapauso berririk ematea ez sektoreko negoziazioetan, ez eta enpresaz enpresako akordioetan ere. Ulertuta egoera zailak egon badaudela akordioetarako, prestutasuna agertzen dugu, beti ere enplegua babesteko erabaki argiak badaude eta ia beti erantzun berdina jasotzen dugu: enpresariak ez daude prest inolako konpromisorik hartzeko.
Goierriko LAB sindikatua