Urtero legez, egutegian morez margotutako data datorkigu gainera. Nahiago genuke egutegian morez biribildu ordez, egun guztiak moreak balira, izatez.
Zoritxarrez, baina ez zoriagatik, emakumeonganako indarkeria gizartean erabat sustraiturik dago. Zoriagatik ez dela diogu, patriarkatuak berarekin dakarrelako indarkeria sexu-genero-orientazio sexualen arteko botere-harremanak behin betikotzeko tresna gisa.
Horregatik, emakume guztiok jasan dugu behin baino gehiagotan indarkeria mota hau, bagina izate hutsagatik. Ez gara ari begi bistakoak diren eta garrantzia ukaezina duten kasu bortitzenez soilik. Egunero-egunero, etxean, kalean, lantokian, eskolan, tabernan… pairatzen ditugun mespretxuez, irainez, keinuez, jarrerez, begiradez, mehatxuez… ari gara. Bagina izate hutsagatik.
Hain ohikoak izan arren, zenbaitetan, kosta egiten zaigu eraso hauek identifikatzea. Horregatik, oso garrantzitsua da emakumeok jabekuntza prozesuak aurrera eramatea. Hain zuzen, ez gara biktimak, indarkeriari amaiera emango diogun subjektu aktiboak baizik. Norberak bere baitan eta inguruan eragiten du indarkeriaren aurka erreakzionatzen duen bakoitzeko, norberak bere autodefentsa mekanismoak sortu eta kudeatzen dituenean, norberaren ezagutza eta esperientziak gainontzeko emakumeokin partekatzean…
Hori dela eta, elkartasuna azpimarratu nahi dugu gaurkoan. Emakume-harresia eratu behar dugu erasoen aurrean planto egin eta hain hedatuta dagoen arazo honi irtenbidea emateko. Eraikuntza horretara bidean, Urola Garaiko Koordinadora Feministarekin “ahizpatu” zaitezten gonbidatzen zaituztegu.
Horregatik, eskualdean antolatu ditugun mobilizazioetara deialdia egin nahi dugu. Bi kontzentrazioa egongo dira: bat Legazpiko udaletxe aurrean 19:00etan eta bigarrena Urretxu-Zumarragako Emakume Plazan (Areizaga-Kalebarren) 19:30etan.
ELKARTASUNA ETA AUTODEFENTSAZ INDARKERIA SEXISTA GELDITU! GORA BORROKA FEMINISTA!Urola Garaiko Koordinadora Feminista