Bueltatu Euskalteleko fakturak!
1999an Euskaltelekin «Euskaltel leihoa» kontratua sinatu genuenean ez genuen inondik espero 2014an horrelako tranpa «inozorik» egingo zigutenik. Aipatutako kontratu horretan, besteak beste, «Oinarrizko» telebista eskaintzen zitzaigun esanez «Oinarrizko TBa doako zerbitzua da Euskaltelen bezeroentzat; ez du hileko kuotarik, ez eta gastua egiteko konpromisorik ere».
Ba gaur da eguna zerbitzu hori kobratzen hasi direla 5,99 € hilean, BEZ barne. Eta nola egin dute hori? Ba oso erraz, Oinarrizko TB modalitatea (0 euro hilean) desagerrarazi eta Funtsezko TB modalitatea ( 5,99 € hilean) sortuz. Gaztelaniaz, TB básica TB esencial bihurtuz.
Egungo telekomunikazio «euskaldun?» honen jabeak hauexek dira: Trilantic Capital Partners e Investindustrial, Lehman Brothers (zerbait esaten dizue izen honek?) enpresako exekutibo ohiak martxan jarritako inbertsio-elkartea: % 48,1; Kutxabank (hau ezaguna da, ezta?): %49,9; Iberdrola: % 2 (nire 80 urteko ama argirik gabe utzi zuena, kutxa-kutxabank prozesuan helbideratutako faktura bat kobratu gabe geratu zelako, dirua izanda bere kontuan, jakina!).
Horrek esan nahi du, behin BEZ kenduta hileroko faktura bakoitzeko asmatutako Funtsezko TB modalitateari esker irailetik aurrera Trilantic Capital Partners e Investindustrial enpresak kobratuko duela 2,38 euro, Kutxabankek 2,47 eta Iberdrolak 0,10. Lehenak arrotzak dira enetzat, baina besteak hain ondo ezagututa pentsatzekoa da Kutxabankek jasotakoa gizarte ekintzetara bideratuko duela eta Iberdrolak energia berriztagarrietan inbertitzera.
Ez dakit konturatzen garen otsoak bungalowa jarri duela gure oilategian. A! Eta nire amari ez kutxabankek ez Iberdrolak ez diote oraindik barkamenik eskatu ez hitzez ez idatziz. Ondorioz, amak Iberdrolako bezero izateari utzi zion orain hilabete batzuk (orain Goienerreko bazkide da) eta aurki Kutxabanki agur esan eta FIARE- BANCA ETICAko bezero egingo da. Norbaitek ezagutzen al du lapurreta bere lehen xedea ez duen telekomunikazio enpresaren bat?
Horra hor nire eposta: sebasiturriotz@gmail.com. Benetan eskertuko nioke horren berri ematen didanari. Baina bitartean: BUELTATU EUSKALTELEKO FAKTURAK!
Sebas Iturriotz Larratza.
Otsoaren atzaparretan dagoen txita.
N.A. 08901155V