Esan bai, burujabetasunaren alde gaudela. Gero kontuak, eguneroko bizimoduan. Supermerkatura joan eta begiak irten beharrean ibiltzen gara ea esne merkeena zein den.
Bertako baserrietakoa bost zentimo garestiagoa bada hor geratuko da apalean eta Galiziakoa etxeratuko dugu lasai asko. Sagarrak ere, nahiz eta bertakoak zuzenean baserritarrari erosteko aukera ostegunero eta larunbatero izan, ez ditugu euro erdi bat garestiago ordaindu nahiko. Egunkaria erosterakoan beste hainbeste. Ustez euskaldun finak direnak hor ikusten ditut, erdarazko egunkaria besapean dutela. Gero hor ibiliko dira, kantu afarian, «euskera salbu ikusi arte ez dut kenduko bizarra» izugarrizko sentimendu plantak eginez abesten. Telebistaz ari bagara beste hainbeste. Tele 5 eta Antena 3 gure sukaldeetan, eta gu horien zapokeriak irensten lasai asko. Liburuak ez ditut aipatu ere egingo. Antxiñeren azkena eta Mirianena bi herriotan zenbat saldu diren jakin nahi nuke. Galdetzen hasita, zenbat ote dira Zuberoan egun bakar bat pasatako herritarrak? Parisen izandakoen hamarretik bat bai? Ezetz izan Benidormen egondakoen berrogeitik bat. Gauza ederra burujabetasuna, zalantzarik ez. Baina egun batetik bestera lortzen dela uste duena oker dabil. Burujabetasuna eta naziotasuna ez dira hautestontzietan lortzen, egunero landu behar dira. Egunero borrokatu. Edo nahi duzuen aditza erabili, baina egunero. Beste guztia tontakeria da, edota hipokresia latza.
Gotzon Aranburu