Urretxuko Udal Gobernuak azaroaren 10erako deitu duen Oroimenaren Egunaren harira, Urretxuko EH Bilduk honakoa adierazten du:
- Ez dugu gaur Udal Gobernuak Iparragirre Plazan deitu duen agerraldian parte hartu.
- Euskal Herrian eta Urretxun gertatutakoaz hitz egin behar dugu, era lasai eta eraikitzailean eta batez ere serioan.
- 2015eko urriaren 29an egindako udalbatzarrean Urretxuko EAJ, EH Bildu eta Irabaziko udal ordezkariok onartu genuen bakean eta askatasunean bizikidetzaren alde lan egiteko gure konpromisoa. 30 urte eta gero, Eusko Jaurlaritzak German Gon zalez eta Jose Mari Etxaniz biktimen zerrendan aitortu izana eta udalbatzak berrestu izana aurrerapausu handitzat jotzen dugu elkarbizitzaren esparruan.
- Horrelako gaiak, eta honek bereziki, lanketa serio, isila, lasaia, eta konpromiso handikoa eskatzen du. 2011-2015 legealdian lehen ahalegin isilak egin genituen. Urretxuk eta Zumarragak elkarlanean memoria historikoaren berreskuratze eta ikerketa beka martxan jarri genuen. Lan horretan bildutako 100dik gora testigantzei esker, herri honetan urteetan isilarazitako pasarte garrantzitsua maila ikus-entzunezkoan jasota gelditu da. Era berean, badakigu gaiak tentuz eta pazientziaz jokatzea eskatzen duela.
- Azaroaren 10eko deialdiak ez du baldintza hori betetzen. Ez dira etxeko lanak aurrez egin eta Udal Gobernuak berandu eta era inprobisatu batean hartu du iniziatiba. Duela hiru aste Jon Luqui alkateak berak adierazi zigun ez zuela tarterik ikusten lanketa sakonik egiteko. Ostegunean, hilak 5, asteartean kontzentrazioa egiteko deialdia jaso genuen, postaz. Azaroaren 9an, guk eskatutako bileran, alkateari gure kezka eta proposamena azaldu genizkion. Hala ere, deialdiarekin aurrera egitea erabaki zuen. Tarte txikiegia etxe barruan, kaltetuekin eta herritarrekin gaia lantzeko. Metodologia oso garrantzitsua da, are gehiago gai honi dagokionean.
- Oraindik ez dakigu memoria bakarra, memoria ugari edo pertsona bakoitzak bere memoria izango duen. Ez dakigu memorian sartu beharreko tartea 1960ean hasten den edo 1936an. Dakiguna da Urretxuko biktimen erretratua osatzeke dela eta zauriak ixteko ezin dugula duda-mudazko urratsik eman. Galderei erantzunak emango dizkieten pausoak eman behar ditugu.
- Bukatzeko, ondorengo proposamen zehatzak planteatu dizkiogu alkateari hurrengo urteari begira: gaia lantzeko bizikidetza lantaldea osatzea, 2016ko udal aurrekontuetan memoriari diru atal bat eskaintzea eta lanketa serioagoa egiteko konpromisoa hartzea.
Jabe gara urteetako sufrimenduak amaiera behar duela eta hor guk gure erantzukizuna badugula. Ez diogu erantzukizun horri muzin egin nahi, guk ere orrialdea pasa nahi dugu, baina ezin dugu inpultso hutsean eta azalkerian geratu. Norabidea memoria edo memoriak lantzea da, egia, justizia eta erreparazioan sakontzea, biktima guztiak aintzat hartuz. Lanean hasten bagara, sakon eta zintzo, hurrengo urtean zalantza izpirik gabe plazan ikusiko dugu elkar.
–Urretxuko EH Bildu. Urretxu.