Errespetu pixka bat, mesedez
Aurreko Goiberriren alean Garbiñe Etxanizek, elikadura integratiboan aholkulariak, gaixotasuna ariman sortzen dela esaten zuen, gu garela gaixotasunaren arduradun, guk egiten dugula gaixotasuna sortzeko bidea eta ez garela kanpoko baldintzen biktima.
Etxanizen hitz horiek haserrea eta amorrua eragin digute. Gure alabari tumorea aurkitu zioten buruan hamabost urte bete berriak zituela; alaba nerabea minbiziaren aurka borrokan ikusteak dakarren sufrimendua gutxi ez, eta gainera horren errua berak duela entzun behar al dugu? Etxanizek, azken finean, hori esaten baitu. Zer da zehazki gure alabak egin ez duena, bada? Ez da nahikoa alaia, nahikoa positiboa izan? Ez du bere burua behar adina maitatu? Zer zilegitasun dauka Etxanizek egiten dituen baieztapenak egiteko? Non daude esaten duena frogatzen duten ikerketak? Non daude datu zientifikoak?
Honek guztiak Erdi Aroko pentsamendua ekarri digu gogora: orduan, gaixoek barruan deabrua zutela uste zuten. Hain aspaldi ez dela ere, gaitzen batekin jaiotzen zen haurra jainkoaren zigortzat hartzen zen eta Etxanizek egiten duen antzeko irakurketa egiten zen: zerbait egingo zuten halako zigorra merezi izateko.
Etxanizi zuhurtzia eskatu nahi genioke halako gauzez hitz egiterakoan.
–Urbegain Andueza familia. Urretxu.