Fracking gabeko udalerria gara!
Frackinga urrutian ematen den jarduera dela iruditu arren, Zumarragako udalerria gasa dagoen ikertzeko eta emate tramitean dauden baimenen lurraldean dago (Sustraia eta Landarre izenekoak). Orain arte teknika hauek erabili diren zonaldeetan hainbat arazo sortu dira, edateko uraren kaltea, airearen kutsadura, mugimendu sismikoen agerpena eta putzuen inguruan bizi diren biztanleengan osasun arazoak sortuz.
Horregatik, urriko plenoan frackingaren aurkako mozio bat aurkeztu genuen Irabazi eta PSErekin batera. Mozioan Hidrocarburos de Euskadi enpresa publikoak edo beste edozeinek eskatu dituen esplorazio eta ustiaketa baimenak bertan behera uztea eskatzen da. Udalak frackingaren aurkako jarrera aktiboa azaltzea, Zumarraga Fracking gabeko Udalerri izendatzea eta frackingak dituen ondorio lazgarriak herritarrei jakinaraztea ere eskatzen da.
Mozioa aurrera atera zen eta EAJko zinegotziak ere mozioaren alde agertu ziren. Hala ere, euren jarrera frackingaren esplorazioaren aldekoa dela adierazi zuen EAJko bozeramaileak; kontraesan izugarria, izan ere, mozioaren lehen puntuan justu kontrakoa esaten da: esplorazioak bertan behera uztea, alegia. Hori gutxi ez balitz, frackingetik eratorri daitekeen gasa kontutan hartu beharreko energia iturria dela esan zuten. Baiezkoa bozkatu eta kontrakoa aldarrikatu.
Gure ustez frackingaren aurkako afera ezin da ingurumenean sortzen dituen kalteen eztabaidan soilik geratu. Orain arte oligopolio energetikoaren esku bizi izan gara. Euskal Herriak duen menpekotasun energetikoa ia erabatekoa da, beraz energia burujabetza handitzea ezinbestekoa dugu.
Ezinbestekotzat jotzen dugu jasangarriak, gertutasun printzipioan oinarrituak eta berriztagarriak diren energia produkziorako proiektuak martxan jartzea. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatu nahi diogu apustu garbia egin dezala agortuko ez diren eta karbonoan oinarrituta ez dauden energien alde, Frackinga bultzatzen duten enpresei diru laguntzak moztuz.
Gogoratu beharra dago Herri Ekimen Legegile batek bultzatuta ekainean Eusko Legebiltzarrak haustura hidraulikoaren teknika erabiltzea debekatzen duen legea onartu zuela (EH Bildu, PSE-EE eta PPren aldeko botoekin eta EAJ eta UPyDren abstentzioarekin). Bestalde, Zumarragan bezala, Euskal Herriko ehunka udaletan frackingaren aurkako mozioak aurkeztu dira eta milaka aurkako ekintza egin.
Argi geratu da Euskal Herriko gizarteak ez duela frackingik nahi. Beraz, ez dezala inork gutxi batzuen interesa herritarren nahiaren gainetik jarri, eta hemen erabaki dena ez dezatela Madrilen aldatu. Euskal Herritarrok arlo guztietan dugun erabakitzeko eskubidea ezin da gai bakoitzean alderdi batek duen interesaren arabera ezbaian jarri.
–Inma Albisua Irureta eta Pablo Irizar Askasibar, Zumarragako EH Bilduren Udalgintza Taldearen izenean.