"Haien bihotzen taupadak gara". Xabier Barriola eta Josu Aztiria (Zumarragako EH Bildu).
Orain aste batzuk, Mikel Serrano alkateak Trantsizio ondorengo alkateak elkartu zituen herriko jatetxe ezagun batean. Aurrekoengandik ikastea beti da aberasgarria, eta bilkura horren helburu mediatikoaz landa, ideia ona eta laudagarria iruditu zitzaigun.
Orain aste batzuk halaber, Guerra zibila eta frankismoa Zumarragan liburua aurkeztu zen Antion, Zumarragaren iragana eta memoria berreskuratzea helburu duena. Egia esan, interes handiz jarraitu dugu beka nahiz liburuaren argitalpena, aurkezpenean ere izan ginen eta liburua ere irakurri dugu, baina alkateak ekimen honetan guztian izan duen diskurtso ekidistanteak eta inpartzialak zur eta lur utzi gaitu.
Alkateak, besteak beste, honakoa zioen bekaren aurkezpen egunean: «Ez du inoren alde egiteko asmorik, errespetutik eta legea betez gertatu zenaren informazioa ezagutarazi nahi dugu». Alkate sozialista batek ez du inoren alde egon nahi 36ko gerraren beka baten aurkezpenean? Hemeroteka hor dago, inork adierazpen zoritxarreko horien jatorria ezagutu nahi badu behintzat.
Liburuaren sarreran ere honakoa dio xaloki: «Orain dela urte batzuk Zumarragako eta Urretxuko udalek ere omenaldi bat egin genien bi bandoetako edozeinetan borroka egin zuten biktimei». Barkatu, baina azken urteotan Zumarragako eta Urretxuko Udalek egin duten omenaldi bakarra 2011ko urriaren 22an izan zen, Hernanin fusilatu eta hilobiratutako herritarren oroimenez. 1936ko urriaren 20an Hernanin zazpi urretxuar eta bi zumarragar fusilatu zituzten frankistek eta horien oroimenez egin zuten, hain zuzen ere.
Omenaldi honetaz ari al da? Bai? Bada azaldu dezala zer esan nahi duen, «bi bandoetako edozeinetan borroka egin zuten biktimei» dioenean, guk behintzat ez baitugu ezer ulertzen. Alkateak herritar eta bando guztiekin ongi geratu nahi jator horretan, eskuinaren amua irentsi du eta bere aurrekoen borrokaz ahaztu da.
Are gehiago, ez dakigu ezjakintasunagatik, ahanzturagatik edo utzikeriagatik den, baina altxamendu faxistaren aurretik egon zen azken udalbatzar demokratikoaz hitz erdirik ere ez. Gutunaren hasieran esan dugu, oso aberasgarria dela gure aurreko alkateen berri izatea, baina Basilio Fernández Lekuonak gidatu azken udal-gobernuaz aipamen txikiena ere ez du egin alkateak. EAJ-PNV, EAE-ANV eta Ezker Errepublikarreko zinegotziak jazarriak eta errepresaliatuak izan ziren, abertzaleak, errepublikarrak eta ezkertiarrak zirelako. Ez dezagun ahaztu.
Honenbestez, eskaera xume baina irmoa egin nahi diogu Mikel Serrano alkateari: atera dezala ahanzturatik demokrazia, Errepublika, justizia eta gure herriaren askatasunaren alde borrokatu zen azken udalbatzarra, eta Zumarragako Udalak egin diezaiola merezi duen aitorpen publiko duina. Ez ditzagun ahaztu.
Haien bihotzen taupadak gara
Taupada biziak
Zeru berrian ozen entzuten den
Memoria gara
Xabier Barriola eta Josu Aztiria. (Zumarragako EH Bildu).