Festak jada igarota, Urretxuko herria zoriontzeko unea iritsi dela uste dugu.
Jai herrikoi hauek jendetzak eta giro paregabeak lagundu dituzte, eta hori guztia ez litzateke posible izango azken hilabeteotan festak prestatzen lanean aritu den lan talde handiaren lan izugarria gabe.
Horregatik, Jai Batzordeari egindako lan itzela eskertu nahi diogu. Ikusi besterik ez dago, egindako ahaleginak emaitza ezin hobeak izan dituela. Hobekuntzak ez dira soilik ekitaldietako parte hartze kopuru handian ikusi, edozein ordutan gure kaleak eta plazak jendez josita egon baitira: antolaketan, koordinazioan eta aniztasunean egin dute hobera Urretxuko Santa Anastasiek, azken finean, festa eredu herritarra gailendu baita guztiaren gainetik.
Festak parte hartzearen isla izan direla ez dugu guk esaten. Parte hartzea azken hilabeteetan udalaren jarduteko moduan ikusi eta senti daitekeen ariketa baita, eta herriko festak horren isla izan dira. Beti izango dira hobetu beharrekoak, baina udalak, bere ideiekin eta sentimenduekin koherentziaz jardun du azken bi urteetan, eta parte hartzea, herritarrek udal erabakietan parte hartzeko aukera, gure ideien erdigune izan da denbora honetan. Herritarren erantzuna ere paregabea izaten ari da, Urretxun borondatez jarduten duten herritarrak eta eragileak beti bezain indartsu, eta parte hartzeko gogoz daudela erakutsiz.
Gure ustetan, parte hartzea praktikan erakutsi behar da, egunerokoan. Ez da ekintza egitarau batean sartzera edo ez mugatzen. Are gehiago ekintza horren antolatzaileekin gaia landu dugunean, eta gure sentimenduei koherentziaz erantzun nahi diegunean. Are gehiago, azken hilabeteetan parte hartzea Urretxun hartzen ari den indarra modu horretan zalantzan jartzea arinkeria dela iruditzen zaigu, guk, errespetuz tratatu baititugu ekintza eta pertsona guztiak, beti egin dugun bezala.
Gure ekitaldi nagusia da horren erakusle, Euskal Jaia alegia. Berrogeita hamar urte jai parte hartzaileen bidea egiten. Hor ditugu gure jaien bi ezaugarri nagusiak, parte hartzaileak eta euskaldunak. Izena eta izana. Parte hartzailea, hainbeste jenderen ahalegina lanean eta jai giroan ikusten delako. Izana baita ere, euskalduna delako, eta euskal nortasunaren ezaugarri nagusi den euskararik gabe pentsa ezina litzakeelako. Euskal Jai egunak hori guztia eta gehiago erakusten du urtez urte. Eskerrik asko parte hartzaile guztioi.
Parte hartzerako tresnak ere eman behar dira. Bide horretan, herritarrei, Urretxubiziz.com webgunean festen inguruan jasotako ekarpen eta iritzi guztiak eskertu nahi dizkiegu. Erantzun horrek erakusten du herritarrak parte hartzeko gogoz daudela, eta bideak emanez gero, posible dela, behingoagatik, udal jarduna herritarrek eurek erabakitzea. Gure herrian ez dugu horrelako politikarik ezagutu, eta harro gaude, honen parte izateaz.
Mila esker guztioi.
Urretxuko udal gobernuko ordezkariak.