Iaz egin nuen bezala, aurten ere ekitaldi horretara joateko asmo zintzoa nuen, Seberiri eta Lurdesi nire elkartasuna adieraztera, alegia. Baina nik jaso nuen hitzorduak zioen 11:45ean udaletxe aurrean elkartu eta gero, 12etan egingo zela omenaldia ohiko lekuan. Han izan nintzen udaletxe aurrean 11:45ean zigarrotxo bat erretzen (bizio madarikatua hau!) gauza bera egitera (zigarrotxo bat erretzera, alegia) ateratako Udal langile batekin. Eta elkarrekin solasean ari ginela hara non esaten didan elkartasun ekitaldia goizeko 10etan izan zela. Zeingodiouba! Datorren urtean izan beharko!
Ba bioi, Seberi eta Lurdes, bihotz bihotzez musu bana igorri nahi dizuet.
Nire aita zena hil zen Txugi hil (eta ez erail) zuten egun berean eta bien gorpuak ospitaleko beilatokian izan ziren eta nire aitaren heriotzak hedabideentzat eta autoritateentzat ez zuen Txugirenak zuen adinako garrantzia, erabat logikoa da hori. Baina Agustín nire aita zen eta gure familiaren intimitatea urratzen ari zela ikusita, eskatu genuen gorpua etxera eramaten uzteko eta oraindik ere zorretan gaude baimena eman zigutenekin, ez baita ohikoa gorpua etxera eramaten uztea. Isidro, zoritxarrez, ez nuen aukera handirik izan ezagutzeko, ez behintzat bere anaia Jose Mari ezagutzeko adinakoa. Ai Jose Mari zenbat proiektu egin genizkian elkarrekin, gogoratzen haiz, ezta? Jose Marik eta biok oso argi geneukan Ataunen barrikada hura jarri zutenen asmoa ez zela Isidro eta Jesus Mari Nazabal hiltzea. Aitzitik, amnistiaren aldeko ekitaldi batek eraman zituen barrikada hura jartzera. Hortaz, ez Txugi ezta Isidro ere ez dira terrorismoak eragindako biktimak, indarkeriak eragindakoak baizik.Zumarragako Udaleko Gobernu taldeak esku eskura dauka indarkeriak eragindako biktimen sufrimendua arintzea, aurki eztabaidatu eta onartuko diren 2015eko aurrekontuetan partida bat jartzea, diruz txukun ornituta, jakina, astero astero euren senideak bisitatzeko milaka kilometro egin beharrean daudenen sufrimendua arintzeko. Eta hori hain garestia iruditzen bazaizue, zatozte nirekin amnistia osoa lortzera, baina zatozte orain.
Sebas Iturriotz Larraza (Agustin zenaren eta Lutxiren semea)