Iritzia: Zumarraga fenomenoa
Jakina da guztiongatik Gipuzkoak bizi izan duen gatazka zaborren inguruan, batez ere komunikabide handiek bultzatua. Azken aldian ez da ezer entzuten, nahiz eta sare sozialak jarraituko bagenitu hondakinak nahastuta, galbidean utzita, edukiontziak gainezka eta antzekoak ikusiko genituzkeen. Garai batean portada izango lirateke, baina ematen duenez orain ez dira interesgarriak.
Zalantzarik gabe, gaia ez da erraza eta ez dago konpondua. Badira errealitate batzuk ordea aztertzea merezi dutenak, baita ezagutzera ematea ere.
Gipuzkoako Zumarragan, non PSE-PSOEk duen gehiengo absolutua, oposizioko alderdi guztiekin (EH Bildu, EAJ eta Irabazi) akordio batera iritsi ziren herrian zuten birziklatze tasa baxua, %45ekoa, hobetzeko (2017ko urtarrilean 140.018 kilo, %46). Edukiontzi grisaren erabilera bi egunetara mugatu zuten. Martxorako gainditua zuten %74ko bereizte tasa (189.560 kilo). Honek erakusten du akordioa+bilketa eraginkorreko formulek arrakasta dutela.
Hau ikusirik, orduan, zergatik ez dute lehenetsi Gipuzkoa guztian ahalik eta birziklatze tasa altuenak lortzea? Birziklatze tasa altuak lortzea posible bada, zergatik tematu dira berriro gaindimentsionatua dagoen erraustegia eraikitzen? Zabor tona ikaragarriak behar ditu erraustegiak eta sen onaren aurka doa.
Zumarragan posible dena Gipuzkoan ere bada. Ez dugu ulertzen zergatik ez duten bide hau hartu Gipuzkoako udalerri guztietan. Adibide bezala Donostia dugu, %38 batean dagoena, justu herritar gehien bizi den udalerria. Berdina Irunen, Hondarribian, Lasarten, Andoainen…
Modu berean ez dugu ulertzen erraustegiaren alde apustu egin izana: Gipuzkoako udalerri guztiak ekonomikoki hipotekatuko ditu hurrengo 35 urteetan eta bere 15-20 kilometroren bueltan herritarrak arriskuan jarriko ditu.
Metal pisutsuak, furanoak, dioxinak eta negutegi efektuko gasek ez dute ezberdinduko kolore politikoen artean, herritar guztioi berdin eragingo digute. Garaiz gaude oraindik akordio handi batera iristeko, zuzen jokatzeko. Borondate politikoa eskatzen dugu, eseri zaitezte eta guztion hobe beharra defendatuko duen akordioa lor ezazue.
Bitartean herritarrok kalean jarraituko dugu irtenbide honen alde lanean, alde batetik irailaren 9ko estropadetako giza katean eta beste alde batetik urriaren 27an eragile sozial eta sindikatuek deitutako manifestazio handian.
Ah! Zumarraga fenomenoa ondoan duten Urretxun ere errepikatzen da, oraingoan EAJren gidaritzapean. Egin ezazue bada berdina Gipuzkoa osoan!
Julen Begiristain Baztan