Urtarrilean jarri zen indarrean Urretxuko kiroldegian Kirol Txartela delakoa. Ez polemika gutxirekin gainera.
Kiroldegiko erabiltzailea naiz azken urteetan, eta iruzur handia izan dela esan dezaket. Zergatik? Lehenago eskaintzen ziren zerbitzu beragatik askoz ere gehiago ordaintzera behartuta gaudelako. Egia da orain arteko kuotak beste kiroldegi batzuetakoak baino merkeagoak izan direla. Baina ez dezagun ahaztu eskaintzen diren zerbitzuak ere ez direla beste batzuen mailan egon. Erabiltzaileak ez gara tontoak eta Kirol Txartelak izan duen eragin negatiboaz ohartu gara. Klaseak hutsik daude lehen itxaron zerrenda luzeak zeuden lekuan. Udan klaseak emateko gutxieneko kopurua betetzera ez gara iristen. Gimnasioa akatsak dituzten edo zaharkituta dauden aparailuz hornituta dago. Urteetan kantxa erabili izan duten koadrilek ere joateari utzi diote. Baina gogorrena uda hastearekin etorri da. Herritarren ahotan bolo-bolo dabil igerilekuko txartela ateratzeak aurten suposatzen duena. Izan ere, 18 urtetik gorako langileak kirol txartela ateratzera behartuta daude, 100 euro ordaintzera alegia. Iaz 45 euro balio zuen hiru hilabeteetarako abonuak. Zergatik behartu nahi ditu kiroldegiak igerilekuko erabiltzaileak bazkide egitera? Nora doa zerbitzu bera erabiltzeagatik ordaintzen dugun diru extra hori guztia? Kiroldegia erdi hutsik gelditu da, ez dadila gauza bera gertatu igerilekuarekin. Bada garaia, iruzur honi amaiera emateko erabiltzaileen eta kirolzaletasunaren beraren mesedetan.
Josune Zarandona