Maiatzaren 10eko egunkaria daukat aurrean eta argazki bat ikusten dut: Egiptoko kristau kopto mordoxka bat protesta bizian, musulman talde batek egindako erasoan hamabi hildako eta 238 zauritu izan zirela eta.
Ez naiz ni hasiko erlijioak defenditzen, denak soberan daudela sinestuta bainago, baina gutxiengoa zapaltzeak sutan jartzen nau. Kristauek badakite zer den beste erlijioetako sinestunak hiltzea, historian zehar krimen asko eta asko egin baitira gurutzearen itzalean. Baina orain, momentu honetan eta toki konkretu horretan, kristauak dira musulmanen eraso bortitzak jasaten ari direnak. Elizak erretzen dizkiete, mezatan daudela tiroka sartu, kalean egurtu… eta polizia beste aldera begira. Lau katu dira koptoak Egipton eta beldurrak airean bizi dira; gehienek atzerrira alde egingo omen lukete dirua izanez gero. Garbi esango dut. Ez diet sinpatia handirik islamistei, ideologia totalitarioaren aztarna nabarmenak ikusten baititut horien mezuetan eta ekintzetan, eta gehien amorrarazten nauena ahulenak matxakatzeko erakusten ari diren joera hori. Kurdistanen abertzaleen kontra ari dira, Afganistanen emakumeak zapaltzen, Palestinan ezkertiarrak jazartzen, Europan marrazkilari bat mehatxatzen… eta beti Ala ahotan. Nire errespeturik handiena Alari, Jesukristori eta beste guztiei, baina jarraitzaileak jainkoaren izenean hiltzen hasten direnean, a ze nazka. Aurretik biktima izateak ez du gero borrero izateko eskubidea ematen. Juduei ere ez Palestinan, portzierto.
Gotzon Aranburu