Aupa lagunak!
Urtero bezala iraila badator eta jende gehienari betiko errutinarekin batera bueltako depresioa etortzen zaio. Eskerrak Urretxun gauzak ez direla horrela, mundu guztia sindrome post vacacional-arekin dagoen bitartean, guk Euskal Herriko festarik hoberenak antolatzeari ekiten diogu. Urretxun badakigu gauzak nola eta noiz antolatu, ez zumarragarrek bezala! Je, je…
Azken 12 urteotan herriko festen inguruan parte hartzen dudan lehenengo aldia da, ez zait inoiz iruditu nire ekarpena egiteko momenturik aproposena, baina aurten pisuzko arrazoi bat dut: larriki gaixorik dauden euskal preso politikoak.
Kide hauen egoera oso larria da. Gaixotasunari kartzela bera batu behar zaio. Hemen pairatzen dugun tentsioa, estresa, jarraipen mediku egoki baten falta, garbitasun eza eta beste faktore batzuk preso hauen bizia arrisku bizian jartzen ari dira.
Gertutik bizi dut egoera hau, konkretuki hemen nirekin, Murcia I espetxe honetan, larriki gaixo aurkitzen den kide bat baitugu: Ventura Manuel Tome, lagunentzat Manu, kide bikaina eta lagun hobea.
Bere osasun arazoak Belgikan atxilotua izan aurretik hasi ziren; hango espetxean mediku proba desberdinak egin zizkioten, baina inoiz ez zioten emaitzen berri eman. Hala ere, minbiziarentzako medikamentuak ematen hasi zitzaizkion, beraz, pentsa dezakegu ordurako bazekitela Manuk gaixotasun hau pairatu zezakeela. Denbora epe laburrean Manu Espainiara estraditatua izan zen eta Soto del Realeko espetxera eraman zuten, non 7 hilabete luzez isolaturik eduki zuten isolamenduko moduluan.
Denbora horretan Manuri mediku azterketa desberdinak egin zizkioten, baina inolako momentutan ez zuen azterketa horien emaitzarik jaso eta gutxiago inolako tratamendurik.
Hau eta gero, Manu Murcia I espetxera ekarri zuten eta atxilotua izan zenetik urtebetetik gora pasa eta gero egin zizkioten benetan behar zituen azterketa medikuak, eta hasi zitzaizkion behar zuen jarraipena ematen. Orokorrean, espetxe honetan jasotako tratua ez da txarra izan. Virgen de Arrixaca Murtziako ospitaleari buruz ezin berdina esan. Manuk espetxe honetan daramatzan bi urte hauetan, prostatako minbizia gainditu du, karotida ezegonkorra duela antzeman diote, honek iktus edo garun-infartu bat eragin diezaioke; ezkerreko birikaren heren bat kendu diote eta kimioterapia saio berri bat bukatu berri du biriketako minbiziaren kontra.
Horrelako egoera baten aurrean inpotentzia sentimendu izugarria bizi dut. Inpotentzia, jakin badakidalako nik hemendik egin dezakedan ezerk ez duela bermatuko Manu eta antzeko kasuetan dauden kideek behar duten tratamendua eta tratamendu hori behar duten tokian jasoko dutela. Manuk etxean behar du, bere senide eta lagunez inguratuta eta bere konfiantzako medikuaren kontrolpean. Bitartean, Iruñeako espetxean, bere ingurutik gertu.
Herriko festak datoz, alaitasuna, juerga eta umorez betetako momentuak. Hala ere, azken eskaritxo bat egingo dizuet: antolatu, parte hartu, mugitu eta ez gelditu etxean. Garai berri hauetan inoiz baino beharrezkoagoa da kalera ateratzea, gaixorik dauden presoak eta bere senideek gure babesa eta goxotasuna behar dute. Beraien legea ere betetzen ez duten estatuek aurrez aurre edukiko gaituzte, kalean, lantokietan, instituzioetan, klasean… Iniziatiba eta mobilizazio berriekin. Animo eta ekin lanari.
Ondo pasa Santa Anastasia jaiak. Jo ta ke irabazi arte!
2014ko abuztuaren 26an, Murtziako espetxetik.
Joseba Segurola Beobide.