Jose Luis Ugarte legazpiarrak zuzendu, Zintzo Mintzok sustatu, Zumarragako Udalak diruz lagundu eta Euskaltzaindiak argitaratutako Urretxu eta Zumarragako Toponimia ikerketa-lanean zehazten da. Antio izendatzen zaio paraje eder horri, beraz termino normalizatua da, Euskaltzaindiaren berme zientifikoa duena. Zalantza duenak hemen ikus dezake argitalpena: www.euskaltzaindia.net/dok/iker_jagon_tegiak/32291.pdf
Zumarragako Udalak, alkatea buru duela, argudio turistikoak eman ditu La Antigua jartzeko, eta ez Antio. Aktak euskaraz jasoko bagenitu euskaraz jarriko genuke alkatearen iritzia, baina hemen duzue: “No obstante, como ya manifestó en la última reunión, reitera que el centro va dirigido al turismo y, por ello, a atraer a gente fuera de Gipuzkoa y Euskadi.En dicho orden es claro que la ermita y por lo tanto el centro debe denominarse La Antigua, sin que ello represente un menoscabo al euskera y a la ciudadanía del pueblo”
Antiok urtean 50.000 bisitari jasotzen ditu eta horietatik 15.000 dira turistak, %30. Turista horietatik gehienak katalanak badira, logika berarekin katalan ederrean La Antigua Centre d´Interpretació jarri beharko genuke edo bestela nazioarteko kutsua emanez La Antigua Interpretation Center?
Atentzioa ere honek ematen du: “sin que ello represente un menoscabo al euskera y a la ciudadanía del pueblo”. Excusatio non petita, acusatio manifesta.
Anekdota hutsa litzateke udal gobernu honek Zumarragako ondare garrantzitsuena den euskararen garapenarekin konpromiso handiagoa izango balu, baina tamalez ez da horrela. Egin egiten dira gauzak, ez dugu ukatzen, baina justu justu, espedientea betetzeko. Ez dago lidergo eta konpromiso politiko sendorik. Eta euskararen garapenean aurrera ez egitea, atzera egitea da
Oraindik badago astia erabakia zuzentzeko eta Antio jartzea proposatzen dugu berriro. Euskara gure kohesiorako eta identitaterako ezinbestekoa izateaz gain, zergatik ez, balio turistiko handia ere baduelako.
Baina, batzuentzat, euskarak ez du museotarako ere balio.
Montse Garcia
Josu Aztiria
Zumarragako EH Bildu