Krisia hitza gure eguneroko hiztegian betiko kontua denetik, nazkatuta nagoela esan beharrean nago. Are nazkatuago krisiaren aitzakian egiten ari diren hamaika astakeria jasateaz.
Aitortu behar dut makroekonomiaz eta finantza kontuez ezer gutxi dakidala, baina bere zergak ordaintzen dituen langile gisa, eta Europako herritar izatera behartuta nagoen heinean, zenbait gauza esateko moduan banagoela iruditzen zait. Europako agintariek eta gobernuek lehentasuna eman diote duten zorra ordaintzeari, eta horiei aurre egiteko gizarte gastuak murriztuko dizkigute. Rajoik ez du jarraituko duen politika ekonomikoaren gaineko zehaztasunik eman, baina aurrekoek egin duten moduan Europak agindutakoari men egingo dio seguru, eta horrek, guraizeak sartzea ekarriko du. Lanpostuak sortzea eta tokian tokiko ekonomia bultzatzea behar beharrezkoa den une honetan, administrazioak gizarteko sektore ahulenari erasotuko dio, langileenari, hain zuzen. Haatik, Europak bere indar guztiak jarri ditu bankuak erreskatatzean. Izan ere, ekonomiak, arrainak ura bezala, beharrezkoak ditu bankuen maileguak bizirauteko, baita zenbait agintari eta politikariek ere euren poltsikoak ondo beteta edukitzeko. Baina ezin ahaztu finantza erakunde eta banku horiek diru publikoarekin, guztion diruarekin lagundu dituztela, eta orain diru hori erabiltzen ari dira herritarren ongizatearen aurka joateko. Nazkatuta nagoela esatea gutxiegi izango delakoan nago…
Josune Zarandona