Gizon eta emakumeen arteko berdintasun instituzionalean lan egiten dutenen artean (erakunde ofizialak nagusiki) behin eta berriro entzuten dut goi karguetan, bai enpresa zein administrazio publikoan, diharduten emakumeen kopurua txikia dela eta euren presentzia handitu egin behar dela, batez ere erabakiak hartu behar diren guneetan, eta bla, bla, bla…
Ba bai, hala da. Ados nago. Hori onuragarria izango da, batzuen eta besteen ikuspuntua beti delako aberasgarria eta berdintasunaren aro honetan gero eta zatarragoak gelditzen direlako gorbataz beteak agertzen diren bileren argazkiak, ez? Eta jaun-andere agurgarriak, nola egin daiteke hori? Guretzat behin eta berriro aldarrikatzen dugun espazioa nola lortuko dugu? Kartelak eta kanpainak eginda? Zertan lagunduko digute erakunde jantzi horiek benetan gure herrialdeko lehendakari izan nahi baina horretarako denborarik ez dugunoi? Agian berdintasunerako erakunde gehiago sortuta? Berdintasuna kromoa bailitzan negoziazio politikorako behin eta berriro erabiliaz? Prentsaurrekoetan aurkezten diren emakume eta gizonen zifraz betetako txostenak behin eta berriro eginda? Berdintasun ezaren ondorioz, arazo estrukturalak konpontzeko, ondoriorik inoiz aterako ez duten jakintsuen talde multidisziplinarrak eratuz? Elkarretaratzeetan pankarta ondo helduaz? Diskurtso eta agerraldi guztietan “berdintasun” hitza bi edo hiru aldiz agertuz? A ze errekurtsoa aukera berdintasunaren gai hau zenbaitentzat!
Idoia Luzuriaga