Gure herriotan paseatzea eta bertako giroan murgiltzea gogoko dut.
Ederra eta zaindu beharrekoa iruditzen zait asteburuetako arratsetan izaten den kale-giroa eta sumatzen dudan lagunartea. Nik uste nuen inguruko herri guztietan horrela izaten zela, baina hainbat kasu ezagutu ditut eta toki guztietan horrela ez dela izaten esan dezaket. Horrelako gizarte eta nukleo batean bizitzeak nire ustez solidaritatea handitzen du, herri ekimenak sustatzeko balio du eta azken batean herri bati bizia emateko balio du.
Gertutasuna sortzen da denon artean eta dinamika horrek egiten du niretzat herri batean gustura bizitzeko baldintza nagusienetako bat. Gauza eder eta positiboak dituen bezala negatiboak ere baditu. Kalean ibiltzeak zurrumurru eta jardunaren harra bereziki pizten dio askori eta gehienetan amorragarria egiten zait. Zergatik? Normalean egurra emateko abilezia izaten dugulako. Honek zera egin du edota besteak hau esan du, ikusi hango hark ze itxura duen etab…
Nire ustez bizitza honetan txaloak eta txistuak orekatuta joan behar dute eta gaizki eginak suntsitzen diren moduan, ondo eginak aitortzen ikasi behar dugu. Askotan aurrera pausua ematen duen horri informazio osoa izan gabe egurra emateko prest izaten gara. Irakurleari bere asmoak eta proiektuak zeintzuk diren galdetuko nioke eta horretarako urratsak ematera animatu. Eraikitzaile izatea suntsitzailea izatea baino zailagoa dela badakigu, baina ez al gaitu horrek aurrera begira hobeak egiten?
Ibon Garmendia