P { margin-bottom: 0.21cm; }Gutun honetan ez dago nahikoa lerro gertatu den guztia kontatzeko. Gauza gehiegi eta oso larriak dira gertatu direnak Urretxu 2020 sozietate publikoa sortu zutenetik, 2010. urtean. Esan zutenez, Urretxuko Arau Subsidiarioak garatzeko sortu zuten sozietatea; udalbatzak arau horiek 2012ra arte ez zituen onartu, eta nola onartu ere.
Egungo Bilduko udal gobernuaren aurrekoek 3,5 milioi euroko zorra utzi zuen Urretxuko Udalean, kaxan 0 euro zegoen, eta Urretxu 2020 sozietatea porrot egoeran; udalaren egoera ekonomikoa hain larria da ezen egun epe laburreko 500.000 euroko mailegua behar du udalak funtzionatu ahal izateko. Aurreko udal gobernuko kideek hitz egin dute behingoz, eta «guztia perfektu» utzi zutela esan digute. Nortzuk eta beraiek, 2007an udal gobernua hartu zutenean kanpo kontu-ikuskaritza eskatu zutenek.
Ez dakitela ezer ere 2011ko ekainetik? Oso zaila da hori sinestea, are gehiago guztiok dakigunean egungo udal gobernuko soka berekoak direla, eta denbora luzez Iñaki Zabalak Bilduko gobernuarekin «aholkulariarena» egin duela. Sozietatearen egoeraren berri zabaltzen joan zenean,
Bilduko gobernuak berehala zerbait egin behar zuela esan genuen, baina ez zuten ezer egin. Orain, agintaldiaren erdian, ez du balio errua besteena dela esateak, are gutxiago egoera salatu genuenona dela; bitxia bada ere, udalbatzako beste alderdi guztiok salatu genuen egoera.
Ni, Urretxu 2020eko batzarkidea izan naiz hasieratik. Beti bozkatu dut kontra edo abstenitu egin naiz administrazio kontseiluak hartu dituen erabaki gutxietan. Txostenak eskatu ditut: juridikoak, Ogasunarekin lotesleak, prozesuenak… Eta aurreko agintaldian jada, gertatzen ari zenaren inguruko egiazko informazioa eskatu dut; guztia argia zedila, berehalako ekintzak bidegabeko kobrantzen gaian, ardurak araztea… Baina, zein izan da erantzuna bi agintaldi hauetan? Kontseiluetan esaten nuena ez aipatu, eskaeren aurrean ez ikusiarena egin, beraien lehentasuna ez zela esatea, iraganean gertatutakoa ahaztu egin behar dela erantzun… Nahi ez badute ere, guztia argitu dadila eskatuko dugu, eta beharrezkoa balitz epaitegiek hitz egin dezatela.
Itziar Agirre. Urretxuko EAJ